INFO

Haur parkea egin dute Zaballaren aurrean Irati eta bere gurasoen eskubideak aldarrikatzeko

Irati Gurasoekin Euskal Herrira ekimeneko kideek haur parkea eraiki dute Zaballaren aurrean Olentzero eta Mari Domingiren argibideak jarraituz. Ekimen honekin familientzako modulua ireki dezatela aldarrikatu dute.

This browser does not support the video element.


Olentzero eta Mari Domingiren opariak Zaballako espetxera heldu dira ostiral honetan. Irati Gurasoekin Euskal Herrira ekimeneko kideak Iruña Okan dagoen kartzelara bertaratu dira eta umeentzako parke bat eraiki dute familientzako modulua ireki dezatela aldarrikatzeko.

Izan ere, Irati Etxebarria Zapirain 2018ko martxoaren 8an jaio zen espetxean, eta orain Aranjuezeko presondegian bizi da, aita eta ama bertan baititu. Martxoan 3 urte beteko ditu eta espainiar legediak aginduta, gurasoengandik banandu, kartzela utzi eta bere senitartekoekin Bilbora bizitzera joango da.

Ekimeneko kideek azaldu dutenez, Irati eta bere gurasoek elkar bizitzeko duten eskubidea bermatzea da ostiral honetan egindako ekimenaren xedea. Eta helburu hori betetzeko beharrezkoa da modulu mistoak eraikitzea bai Zaballan bai Zubietan egingo den espetxean.

«Dispertsioak gogor kolpatzen du presoaren inguru hurbila. Zigor erantsi horien ondorioak latzak dira, are gehiago, adin txikikoei buruz ari bagara. Asko hitz egin da Haur Motxiladunen errealitateaz, eta pairatzen duten eskubide urraketez. Irati da haur horien arteko bat», salatu dute aste honetan.

Eta egoera latz honekin amaitu nahi dute Irati Gurasoekin  Euskal Herrira ekimeneko kideek. «Ea pausu txiki honek Irati eta bere gurasoak Euskal Herrira ekartzeko prozesua azkartzen duen», nabarmendu dute Olentzero eta Mari Domingiren oparia Arabako espetxera eraman dutenek.

Elurrari eta hotzari aurre egin diete Euskal Herritik urrun dauden haurraren eta bere gurasoen eskubideak aldarrikatzeko.