INFO

Aitor Elordik erabateko nagusitasunez jantzi du kaiolako txapela Promozio mailan

Mallabiarrak 22-5 menderatu du finalean bere maila ematerik izan ez duen Julen Egiguren azpeitiarra. Lehen erremate trukaketa baten ondoren, Elordik 13 tanto egin ditu segidan eta zuzenean joan da 5-3tik 18-3ra.

Aitor Elordi, txapela jantzita pozik Tolosan (ASPE)

Aitor Elordik nagusitasun osoz irabazi du Promozio Mailako Lau eta Erdiko Txapelketaren finala. Aurrelari mallabiarrak 22-5 menderatu du Tolosan inolako aukerarik izan ez duen Julen Egiguren azpeitiarra. Horrelakoetan gertatzen den moduan, bizkaitarrak dena ongi egin du eta gipuzkoarrak ez du bere maila eman.

Orain hilabete eskas pilotaleku berean Promozio Mailako Buruz Buruko Txapelketaren finala galdu ostean (12-22 Axier Artegaaren kontra), Elordi amorruz beteta irten da kantxara, pilota bizi mugituz eta Egigureni kantxan jartzeko denborarik eman gabe. Hala ere, markagailuan alternatiba bakarrak lehen une horietan izan dira: 1-1, 3-2 eta 5-3 egon da Egiguren, tanto on pare bat eginda.

Baina Elordiren nagusitasuna piloteoan nabarmena zen, eta mallabiarrak 13 tanto egin ditu jarraian, 5-3ko horretatik zuzenean 18-3ra alde egiteko. Aitaren batean finala apurtuta geratu da eta Egigurenek –finalerdietan Dario kanporatu zuela gogoratu behar da– ezin izan du ezertxo ere egin egoerari buelta emateko.

Azpeitiarrak bi tanto gehiago bakarrik egin ditu, 22-5ekoa sinatzeko mota guztietako tanto eta erremateak egin dituen Elordiren gozamenerako.

«Oso pozik nago. Buruz Buruko finala galtzea kolpe handia izan zen niretzat eta kosta egin zitzaidan Lau eta Erdikoari heltzeko motibazioa lortzea. Horretan eskerrak eman behar dizkiot Jokini (Etxaniz), lan handia egin duelako nirekin», aitortu du Elordik finalaren amaieran.

«Buruz Buruko finalean tentsioz beteta irten nintzen kantxara, lotuta, eta ez nuen batere gozatu. Gaur, aldiz, libre jokatu dut, tentsiorik gabe, eta asko gozatu dut. Finalak ez dira egunero jokatzen, eta horrelako egun batean gozatzea eta txapela janztea handia da niretzat», gehitu du bizkaitarrak.