Erik Jaka eta Jokin Altuna, gaur bigarren finala 28 egunen buruan
Txapela jokoan nor baino nor berriz gaur igandean Jaka eta Altuna, oraingoan Lau eta Erdikoan. Oraindik ez da hilabete bat pasa azkenekoa jokatu zutenetik. Honela iritsi dira hona.
Erik Jakak eta Jokin Altunak modurik ezohikoenean emango diote amaiera urterik ezohikoenari: Lau eta Erdiko Txapelketaren finalean orain dela hilabete eskas Buruz Buruko Txapelketaren finalean izan zuten norgehiagoka errepikatuz.
Pandemiak hala behartuta, Buruz Buruko Txapelketa udazkenean jokatu da aurten, eta azaroaren 29ko finalean Erik Jakak jantzi zuen aurrenekoz urteko txapel garrantzitsuena, Bizkaia pilotalekuan lagun mina duen Jokin Altunari 22-20 irabazita.
Buruz Burukoa amaitu bezain laster ekin zitzaion Lau eta Erdikoari, eta bi aurrelari gipuzkoarrek argi utzi dute une honetako pilotari sasoikoenak direla bakarkako lehietan.
Jakak ez du bide erraza izan bere bigarren final handira iristeko: final-laurdenetan Peio Etxeberriari 22-21 irabazi zion asko sufrituta, eta finalerdietan aurreko bi urteetan txapeldun izan zen Joseba Ezkurdia menderatu zuen 22-16.
Altunak, alde nabarmenagoak lortu ditu emaitzei erreparatuta behintzat: 14-22 irabazi zion Elezkanori final-laurdenetan (9-1 galtzen hasi arren) eta 12-22 menderatu zuen Oinatz Bengoetxea finalerdietan.
Orain arte egindakoak, ordea, ezer gutxi balioko du berriz ere Bilbon jokatuko duten finala hasten denean. Lau eta Erdikoan gertatu dena baino, orain hilabeteko finalean gertatu zena etorriko zaie zale gehienei burura ordua iristen denean, eta ikusi egin beharko da pilotarien jarduna ere baldintzatzen duen aurreko finalak.
Jakaren kasuan ohikoa duena baino are ausartago jokatzeko balio dezake oroitzapen horrek. Lizartzakoak badaki sasoian dagoela eta errematean asmatzen hasten bada ezinezkoa dirudi une honetan bera gelditzea.
Altunaren kasuan, jokatutako azken hiru finalak galdu izana zama bilaka liteke, baina badirudi amezketarrak lanketa egokia egin duela azken asteotan mamu horiek uxatzeko