Altuna: «Inoiz baino txapeldunago sentitzen naiz gaur»
Amezketarrak onartu duenez, Lau eta Erdikoan irabazten duen bigarren txapel honi, orotara hirugarrena, aurrekoei baino balio handiagoa ematen die. «Gero ikusten da irabaztea zenbat kostatzen den», aipatu du.
Oso pozik azaldu da Jokin Altuna kaiolako bigarren txapela irabazi ostean. Onartu duenez, aurrez irabazitakoei baino balio handiagoa ematen die, txapelak irabaztea zenbat kostatzen den konszienteagoa baita gaur egun.
«Inoiz baino tapeldunago sentitzen naiz gaur. Aurreko bi txapelek ere ilusio handia egin zidaten, baina ezusteko moduan iritsi ziren. Hemen gero ikusten da irabaztea zenbat kostatzen den. Hautagaiak asko izaten dira txapelketa bakoitzean baina irabazlea bakarra, eta oso zaila da irabaztea. Oso harro nago hilabete honetan egin dudan lanarekin», azaldu ditu bere sentimenduak finala amaitu bezain pronto.
Neurketari buruz, hasieratik ongi sentitu dela baieztatu du, eta ederki asmatu duela sakean nahiz errestoan. «Ondo sentitu naiz. Egin dizkidan aurreneko tantoak berak egindako tanto ederrak izan dira, eta hor errestoren bat huts egin dudan arren, uste dut orokorrean oso ongi errestatu dudala. Hori garrantzitsua zen, bestela Jakak pilota hiruan utzita ere tantoa egiten dizulako. Gaur ez dizkit hainbeste egin eta pilota luze ipintzen asmatu dut».
Beste gakoetako bat pilota Jakaren hanketan sartzen asmatu izana dela esan du amezketarrak, lizartzarraren aireko jokoa ekidinez. «Berak hasieran atera duen pilota niri oso ongi etorri zait. Pilota bizia zen, eta min egiten nion, hanketara jokatzen nion eta asko urruntzen nuen frontisetik. Uste dut hor asmatu dudala».
Azkenik, Buruz Buruko azken finalarekin alderaketari buruz, askotan gauzak pentsatzen duguna baino sinpleagoak direla aldarrikatu du. «Partida prestatu beti egiten dugu, baina zaila hori praktikan jartzea izaten da. Askotan azalpena erraza izaten da: aurkari bat dagoela eta aurkariak ere asko jokatzen duela. Aste honetan esan dut pilotari guztiok urtetik urtera asko hobetzen ari garela eta hori nabaritu egiten da. Lehiakortasun ikaragarria dago eta astero asko sufritu beharra dago irabazteko».