Egoera iraultzen jakin eta kaiolako bere bigarren txapela jantzi du Jokin Altunak (9-22)
Erortzea aukeren artean omen dago, jaikitzea izaten omen da zailena eta horretan ere artista dela erakutsi du Jokin Altunak, orain hiru asteko kolpea kudeatu eta kaiolako txapela, bere bigarrena, merezimendu osoz jantziz.
Buruz Buruko finala horren gertu izanda, konparaketak saihestezinak dira eta partida aurrekoaren antipodetan egon dela esan genezake, gaur aginte makila une oro Jokin Altunak izan duelako eta Erik Jaka izan da batere eroso sentitu ez dena.
Astean zehar nabari zen amezketarrak lezioa ikasia zuela, finala honetaz, aurrekoan ez bezala, gozatu egin nahi zuela eta, markagailuan 3-0 galtzen hasi bada ere, lehen pilotakadatik ikusi da gaurko Jokin Altunak antzik ez zuela Buruz Burukoarekin bere buruarekin horren haserre amaitu zuenarekin.
Azkar eman dio buelta hasierako takada horri buelta Jokin Altunak eta Erik Jakari min handia egin dio hanketara jokatuz. Lizartzarra fidela izan zaio bere betiko jokoari, aurrera egin du aukera izan duen bakoitzean eta hor zepoan harrapatu du Altunak.
Amildegiaren ertzean jokatzera ohituta, Buruz Buruko txapeldunak gaur ez du horrenbeste asmatu, sake errestoan ere ohikoa baino erraztasun gehiago eman ditu eta gaur bera izan da abiadura eta presa nahastu dituena, tantoa lantzeko pazientziarik izan ez duena eta kantxako mugimenduetan ere arerioa baina traketsagoa zirudiena.
Gauzak horrela, bosnako berdinketara arte izan du oreka markagailuak, 13-0eko takada batekin finala erabat hautsi du amezketarrak. Agintea berea izan da saketik hasita, angeluak bikain aurkitu ditu gaurkoan eta errematean duen gaitasuna agerian utzi du, aurrekoan ez bezala.
Buruz buruko lehiek ere hori dute, bata ondo eta bestea bere mailan ez dabilenean aldeak berez direnak baino handiagoak diruditela eta oso amaieran baino ez dugu Jaka erasokor eta errematatzaile hori ikusi. Honek baina, markagailua apur bat txukuntzeko baino ez dio balio izan, Altuna ez zegoelako barkatzeko eta bere kaiolako bigarren txapelari, hirugarrena denera, ez diolako ihes egiten utzi.
Erik Jaka 9
Jokin Altuna 22
Pilotakadak: 186. Iraupena: 40.40 minutu. Markagailua: 3-0, 3-5, 5-5, 5-18, 7-18, 7-19, 9-19, 9-22. Sakeak: 1 Erik Jakak eta 3 Altuna III.ak. Tantoak: 5 Erik Jakak eta 14 Altuna III.ak. Hutsak: 5 Erik Jakak eta 3 Altuna III.ak. Gorabeherak: Publikorik gabe jokatu da Lau eta Erdiko finala Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Pilotariek eurek erabakita, ez da botilerorik izan enpresa bereko kideak direlako.