Aiztondoko udalek presoen urruntze politikarekin bukatzearen aldeko adierazpena sinatu dute
Aduna, Asteasu, Amasa-Villabona eta Zizurkil eta Alkizako udalbatzek euskal presoen urruntze politikarekin amaitzearen aldeko erakunde adierazpena onartu dute gehiengo osoz.
Aduna, Asteasu, Amasa-Villabona eta Zizurkil eta Alkizako udalbatzek euskal presoen urruntze politikarekin amaitzearen aldeko erakunde adierazpena onartu dute gehiengo osoz. Aiztondoko bost herri hauetako alkateek eman dute honen berri, asteartean Zizurkilgo udaletxean egindako agerraldian.
Adierazpenak zenbait eskakizun jasotzen ditu, kasurako, Espetxeetako Lege Orokorrak ebazten duena bete dadila, «askatasunaz gabetzen duten zigorrak bete daitezen norbere ingurunetik deserrotu gabe, birgizarteratzearen printzipioek adierazten duten moduan». Horrekin batera, «beste espetxe politika» bat galdegin dute udalek, preso eta familien arteko komunikazioa erraztuko duena.
«2011tik irekita dagoen errealitateari jarraiki, Espainiako Gobernuari eskatzen diogu euskal presoei legedi arrunt soila eta espetxe politika normalizatu bat aplikatzeko beharrezkoak diren urratsak ematea, iraganeko logiken araberako legedian oinarritutako egoera behin betiko gaindituz», agertzen du adierazpenak.
Ondokoei bidaliko diete adierazpena udalbatzek: Pedro Sanchez, Iñigo Urkullu, Maria Chivite, Jean-Rene Etchegaray eta Aiztondo bailarako euskal presoak aurkitzen diren espetxeetako zuzendaritzei.
Herri hauetan gehiengo oso handia duten EH Bildu eta EAJ-PNV alderdiek (baita Asteasu Batuz-ek ere) babestu dute adierazpena, eta PSEk, berriz, abstentzioa bozkatzea erabaki du Amasa-Villabona eta Zizurkilgo udalbatzetan. Larraulgo udal gobernuak ordea, adierazpena ez onartzea erabaki du aldebakartasunez.
Bestalde, Aiztondoko bost herri hauetako udal ordezkariek, datorren abenduaren 31n, arratsaldeko 18.00etan Villabonako Erreboteko plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu diete Aiztondo bailarako herritarrei.