INFO

Bikain hasi dute urtea eta Binakakoa Altuna-Mariezkurrenak Eibarren irabazita (11-22)

Jokin Altunak eta Aspek berreskuratu duen Ion Mariezkurrenak bikote bikaina osatzen dutela ziurtatu dute Astelenan, aurtengo txapelketako lehen partidan, eta Jaka eta Martija baino hobeak izan dira lehen puntua eskuratzeko.

Jokin Altuna bikain aritu da Lau eta Erdiko txapela eskuratu eta bost egunera. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Ezin izan diote hasiera hobeagorik eman Jokin Altunak eta Ion Mariezkurrenak 2021eko Binakako Txapelketari. Erraz –errazegi– irabazi diete, Eibarko Astelena pilotalekuan, hasiera-hasieratik oso deseroso aritu diren Jaka eta Martijari.

Altuna III.ak sekulako abiadura eman dio pilotari partidaren hasieratik, guztira 11 tanto eginez –sakez beste hiru egin ditu–. Gainera, bere bizkartzain 'berriak', Ion Mariezkurrenak, partida bikaina osatu du hasiera-hasieratik. Baikok ez zuen atzelariaren kontratua berritu eta Aspek beregatik apostua egin du txapelketarako. Berriozarrekoak ederki erantzun dio bere enpresa berriari.

Julen Martijari eusteaz gain, nafarrak oso pilotakada onak eman ditu atzean eta ederki defenditu da aurreko koadroetan, Erik Jakak saiatu dituen jokaldietan.

Kontrako aldean deseroso aritu diren Jaka eta Martija daude. Buruz Buruko eta iazko Binakako txapeldunek ez dute bere tokia aurkitu eta denbora guztian atzetik aritu dira markagailuan.

Gainera, 7-16 tantoan, Martijak mina hartu du besoan, Mariezkurrenak errebotean ipini duen pilota bati erantzun nahi izan dionean. Atzelaria aldageletara joan da momentu batean, baina partida amaitu ahal izan du.

Partida amaieran, Ion Mariezkurrena oso pozik agertu da garaipena lortzeagatik eta Lehen Mailan berriro jokatzeagatik. «Hasieratik nahiko libre somatu naiz, solte, seguru eta Jokinekin jokatzea gozada bat da», adierazi du nafarrak.

Bere urte zailaren aurrean, honakoa azpimarratu du: «Ez da urte erraza izan niretzat eta ondokoentzat. Ea urte berri hau hobea den».

PARTIDAKO FITXA:

Jaka-Martija: 11

Altuna III.a-Mariezkurrena II.a: 22

Pilotakadak: 400. Iraupena: 49:10. Markagailua: 0-2, 2-2, 2-5, 3-5, 3-8, 4-8, 4-9, 6-9, 6-15, 7-15, 7-16, 8-16, 8-18, 9-18, 9-19, 11-19 eta 11-22. Sakez egindako tantoak: 1 Jaka eta 2 Altuna III.a. Jokoan egindako tantoak: 6 Jaka, 0 Martija, 11 Altuna III.a eta 2 Mariezkurrena. Hutsak: 5 Jaka, 1 Martija, 1 Altuna III.a eta 3 Mariezkurrena. Gertakariak: Eibarko Astelenan jokatutako 2021eko Binakako Txapelketako lehen partida. Lehen sakea gorrientzat.