Kontuan hartu beharreko bikotea direla erakutsi dute Peña II.ak eta Albisuk (8-22)
Hasiera-hasieratik (7-0) erabat gainditu dituzte, aurrean eta atzean, euren lekua topatu ezinik aritu diren Urrutikoetxea eta Imaz.
Izen baino joko askoz gehiagorekin, kontuan hartzeko moduko bikotea osatzen dutela erakutsi dute Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisuk Mikel Urrutikoetxea eta Ander Imaz 8-22 txikituta. Atzean bezala aurrean, bikote gipuzkoarra oso nagusi izan da kantxan eta konfiantzarako oso garrantzistua izan daitekeen garaipena eskuratu dute.
Aurreko biak bezala, oreka oso gutxiko partida izan da gaurkoa, konturatzerako 0-7 eta 1-9 aurreratu baitira urdinak markagailuan. Azken asteetan bere jokoa aurkitu ezinda ibili bada ere, txapelketa itzultzearekin batera Jon Ander Albisurik onena agertu da Bilboko Bizkaia pilotalekuan eta ataundarrak atzeko koadroetan erakutsitako nagusitasunean oinarritu da, hein handi batean, irabazleen nagusitasuna. Oso amaierara arte, apenas galdu pilotarik goierritarrak, denera 3 baino ez ditu bota, eta jotzeaz gain, pilota asko baztertu du ezker paretara. Atzeko koadroetako borroka horretan erabat nagusitu zaio Albisu Ander Imazi eta gainera bere partida 5 tanto eginda, horietako bi zabalean egindako dejada bikainekin, borobildu du.
Baina aurrean izandako aldea ere ez da txikiagoa izan, Binakakoan titular gisa jokatu duen lehen partidan, Jon Ander peña tolosarra aurreko koadroetara itzuli den Mikel Urrutikoetxea baino askoz eraginkorragoa izan da. Ezin uka gauzak askoz errazagoak jarri dizkiola bere bikotekideak, baina berean oso ondo, beldurrik gabe eta eraginkor, aritu da tolosarra. Zaratamokoari aldiz, asko kosta zaio kantxan bere lekua hartzea. Erasoan tanto bakarra egin du, 18-5ekoan, pilota ondo mugitu ostean, zabalean egindako dejada polit batekin, baina ezker gantxoarekin kamuts aritu da. Defentsan ere, ez da Ander Imazi behar zuen laguntza emateko gai izan eta partida azkenerako zerbait luzatu bada ere, pilotakadetan behintzat, ez du inolako arriskurik izan urdinentzat.
FITXA TEKNIKOA:
Urrutikoetxea-Imaz: 8
Peña II.a-Albisu: 22
Pilotakadak: 566. Iraupena: 54,34 minutu. Markagailua: 0-7, 1-7, 1-9, 2-9, 2-15, 3-15, 3-16, 4-16, 4-18, 5-18, 5-20, 8-20, 8-22. Sakeak: 2 eta falta 1 Peña II.ak. Tantoak: 1 Urrutikoetxeak, 10 Peña II.ak eta 5 Albisuk. Hutsak: 1 Urrutikoetxeak, 4 Imazek, 3 Peña II.ak eta 3 Albisuk. Gorabeherak: Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatutako partida, ikuslerik gabe.