Ibaietako uhinak: hirietako zainetan barrena olatu gainean
Azken egunetan hainbat surflari ikusi ditugu taula gainean ibaian gora kostaldeko hiriak zeharkatzen. Ibaietan gora sortzen diren uhinak ez dira ohikoak, baina fenomeno bitxi hori aurreikus daiteke. Soilik itsasaldi handiak eta itsaski indartsu bat behar dira.
Azken egunetan irudi bitxiak ikusi ahal izan dira, abenduaren 28 eta 29ko itsaski handiek eta itsasaldi handiek ohikoak ez diren fenomenoak ahalbidetu baitzituzten eta, ondorioz, olatuak oso gutxitan sortzen diren eremuetan surfean aritzeko aukera izan zen. Besteak beste, ikusmin handia sortu zuen Pasaiatik Oiartzunera bidean, Oreretako erdigunea olatu baten gainean zeharkatu zuen surflariak.
Itsaski handiei esker kostaldeko hondartza guztietan olatuak izaten dira, baita normalean olaturik izaten ez den lekuetan ere. Ordea, ibaian surf egiteko aukera izatea zailagoa da. Ez da nahikoa itsaski handi bat izatea, itsasaldi handiak ere behar dira. Hau da, koefiziente handia behar da ibaian gora olatuak izateko.
Ez da gauza bera sakonera gutxi duen erreka bateko eremu batean sortzen den olatu estatikoa eta itsasoaren bultzadari esker ibaian gora sortzen den uhin lerroa. Azken hori fenomeno arraroa da, horregatik sortu dute harridura azken egunetan Euskal Herriko zenbait ibaitan hartutako irudiek.
Olatu dinamikoa
Nolabait esatearren, sakonera gutxiko erreketan haitzek jasotzen duten olatua “estatikoa” da. Ordea, itsasaldi eta itsaski handien ondorioz ibaian gora doan olatua “dinamikoa” dela esan daiteke. Hau da, lehena leku berean gertatzen da eta ez da eremu jakin batetik mugitzen. Surflariari olatu gainean aritzeko aukera ematen dio, baina olatuak ez du ibilbiderik, beti leku berean mantentzen da. Aitzitik, ibaian gora doan olatuak ibilbide oso luzea egin dezake.
Olatu estatikoa, errekan behera doan ur korronteari galga egiten dioten haitzek sortzen dute, horregatik sakonera oso gutxi dagoen eremuetan sortzen da. Olatu dinamikoa, berriz, sakonera handiko eremuetan leher daiteke, hondoak eragindako galgagatik baino, uhin lerroak duen inertziaren ondorioz lehertzen baita.
Gainera, lehertu gabe ere, olatu dinamikoak surflaria bultzatzeko adina indar izan dezake. Horrela, fenomeno horren ondorioz sortzen den olatuak 15 eta 30 km/h-ko abiadura hartzen du eta 150 kilometroko ibilbidea egin dezake.
Olatu dinamikoa sortzeko bi osagai behar dira, batetik itsasaldi handiak izatea. Hau da, koefiziente altuak behar dira ibaitik datorren ur masari aurre egiteko. Bestalde, itsaskiak indartsuak direnean ohiko kondizioetan baino koefiziente handiagoa izan dezake itsasgorak eta oldarraldia ere indartsuagoa izaten denez, ibaitik datorren ur masak baino indar handiagoa izaten du.
Gauzak horrela, itsaski indartsuekin eta itsasaldiak oso biziak diren sasoian maldan behera datorren ibaiko uraren gainetik gailentzen da itsasotik datorren ura, eta talka horren ondorioz sortzen dira ibaietako olatu dinamikoak. Alegia, marea gorantz doan bitartean ibaitik datorren urak ez dio uzten aurrera egiten, baina momentu bat iristen da non itsasoak indar handiagoa duen eta ordura arte atxikita zen ur guztia ibaian gora gailentzen den, eta orduan uhinak sortzen dira.
Fenomeno hori ibai aho zabala duten lekuetan errazago gertatzen da, eta inbutu moduan ibaia estutzen den eremu bat baldin badu, uhinak sortzeko aukera ere handiagoa da. Horregatik izan ziren uhinak pasa den astean Oiartzun ibaian. Pasaiako bokaletik sartutako uhinak Oiartzun ibaia gainditu zuten eta, Lezo eta Orereta zeharkatuz, Oiartzungo bidea hartu zuten.
Ibaian gora uhinak izateko aukera gehien ekinokzio sasoian izaten da, egunak eta gauak iraupen bera dutenean koefiziente handienak izaten baitira, alegia, martxoaren 21ean eta irailaren 21ean. Egun horietan itsaski indartsu bat bada, are uhin handiagoak sortuko dira.
Hortaz, itsasoak ibaia menderatzen duenean gertatzen den fenomeno hori bortitzagoa izaten da itsasaldiak handiagoak diren lekuetan. Adibidez, Frantzia iparraldean Euskal Herrian baino altuagoak dira itsas koefizienteak.
Gurean, itsasaldien arteko tarteak ozta-ozta gainditzen ditu lau metro. Bretainian, ordea, tarte hori sei metro baino gehiagokoa da, eta Ingalaterra mendebaldean esaterako, hamabi metroko tartea duten lekuak ere badira. Itsasaldien koefiziente handia duten munduko edozein txokotan gerta daiteke fenomenoa. Kanada, Txina edo Hego Amerikako ibaietan uhin handiak sortzen dira, baina olatu famatuenak Ingalaterrako Severn ibaian eta Amazona hegoaldean sortzen dira.
Le Mascaret
Ibaian gora sortzen den olatuari “Le Mascaret” deitzen diote Frantzian. XVI. mendean sortutako izenak erro gaskoiak ditu eta “boeuf tacheté” esan nahi du, alegia, zikindu den idiari egiten dio erreferentzia. Ibaiko uraren kolore ilunak alboetan dauden animaliak atzematen dituenean lohitu edo ilundu egiten ditu eta hortik dator mozorrotzearen analogia.
Garai batean Frantziako ibai askotan gertatzen zen Le Mascaret fenomenoa (Charente, Sena, Gironda, Garona, Dordoina...), baina ibai ahoetako portuak egin ondoren, olatua sortzeko kondizioak aldatu egin ziren. Hala ere, oraindik ibaian gora surf egin daiteke, Gironda ibaian esaterako.
Garai batean Frantziako ibaietan sortzen ziren olatuen artean indartsuena Sena ibaian sortzen zen, baina orain 30 urte Le Havreko portuan eraikuntza lanak egin zituztenetik ez da gehiago olaturik izan Frantziako hiriburua gurutzatzen duen ibai famatuan. Senan sortzen zen olatuak kalte handiak sortzen zituen eta istorio ugari dago fenomeno horrekin lotuta.