INFO

Emakume baten exekuzioa bertan behera utzi du epaile batek, Trumpen haserrerako

Epaile batek atzera bota du emakume baten exekuzioa, agintari federalek azken 70 urteetan egitekoa zuten lehena. Trump presidentearen agurraren azkenetariko «oparia» zen.

Lisa Montgomery presoari 2004an ateratako argazkia. (AFP)

Indianako Terre-Hauteko presondegian injekzio hilgarria jartzekoak ziren astearte iluntze honetan Lisa Montgomeryri; duela 16 urtetik giltzaperatuta dago haurdun zegoen emakume bat hiltzeagatik sabelean zuen umekia lapurtzeko. Berak ezin omen zuen haurrik izan.

James Hanlon epaileak onartu egin du presoaren abokatuen helegitea eta, presoak pairatzen dituen buruko osasun arazoekin bere exekuzioaren arrazoiak ulertzeko gai ez dela eta, bertan behera utzi du erabakia. Emakumeak buruko arazo larriak ditu txikitan pairatu zituen taldeko bortxaketek eta indarkeriak eraginda.

Bere krimenaren larritasuna ukatu gabe, abokatuek errukitasun eskaera zuzendu zioten Donald Trump presidenteari. Magnateak, heriotza-zigorraren aldeko amorratua, ez die erantzun ere egin.

17 urteko etenaldiari amaiera emanez, aurreko uztailean exekuzio federalei berrekin zien Trumpen Administrazioak. Ordutik hona hamar preso hil dituzte Terre-Hauteko presondegian eta aste honetan bertan bi gizon beltz hiltzekotan dira.

Kartzelariek ere exekuzioak etetea eskatu dute, baina covid-19aren aurkako txertoa hartu arte. Exekuzio bakoitzean dozenaka pertsona biltzen direla kontutan hartuta, etenaldia iragarri dute hainbat estatuk, tartean Texasek berak.

Azaroan bertan koronabirusean positibo eman zuten Montgomeryren abokatuek eta Gobernu federalak urtarrilaren 12ra atzeratu zuen exekuzioa.

«Lasterketa odoltsu eta zoroa»

«Trumpen azken orduetan heriotzaren korridorean aspalditik daudenak hiltzeko lasterketa zoroa bizi dugu. Astakeria hutsa da», salatu du Dick (Richard) Durbin senatari demokratak. Exekuzio federalak bertan behera uzteko lege-proposamena aurkeztu du senatari honek.

70 legebiltzarkide demokrata daude proposamen horren atzean. Ayanna Pressley Massachusetts-eko kongresistak, Durbinekin batera kanpaina zuzentzen duenak, eskutitz bat igorri dio Joe Bideni, urtarrilaren 20an presidente kargua hartu eta Etxe Zurian bere lehen egunean heriotza-zigorra bertan behera utzi dezan.

Lege-proposamen horrek exekuzio federal guztiak debekatzea aurreikusten du eta heriotzara zigortu zituzten guztiei epaiketa berri bat egitea.

Alderdi Demokrataren sektorerik aurrerakoiena ordezkatzen duen «Eskuadroiak», Alexandria Ocasio-Cortez, Rashida Tlaib, eta Ilhan Omar legebiltzarkideek osatzen dutenak, bere egin du eskaera.

Biden bera heriotza-zigorraren kontrakoa da baina momentuz exekuzio federalak bertan behera uzteko Kongresuarekin lan egiteko baino ez du konpromisoa hartu.