INFO

Europako bideari Valentziako burbuilan berrekingo dio Lointek Gernika Bizkaiak

Lau egunetan hiru partida, ETB4ren bidez zuzenean eskainiak, Margaret Roundtree eta Marta Alberdiren bajak eta Roso Buceh zalantzak, pandemiaren egoera gogorra... eta itxaropena. Fisikoki eta buruz ere zaila irudituta ere, bere mugetaraino lehiatzen saiatuko dira bizkaitarrak Valentzian.

Taldea Malosteko «Media Dayan», gaur zortzi barru Valentzian lehiatzeko prest. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Urtebeteren buruan, Europara ez ezik, Valentziara itzuliko da Lointek Gernika Bizkaia, urtarrila honen 19tik 22ra bitartean jokatu behar duen aurreneko fase honetan. Pandemiaren erasanak lehiaketa oro aurretik eraman baino lehen, Valentzian eten zuen Europako ibilbidea iazko otsailean talde bizkaitarrak, baina aurten aurrera egiteko intentzio horretan daude, nahiz eta beste hiru aurkariri aurre egitea egokitu lau egunen buruan: Estatu frantseseko Ligako Karolo Basket eta La Roche Vendee eta Emakumeen Endesa Ligako Ciudad de la Laguna Tenerife, hain zuzen. Partida guztiak ETB4 katearen bitartez ikusi ahal izango dira gainera.

Valentziara iristea bera ez da ahuntzaren gauerdiko eztula izango. Hasteko, Margaret Roundtreek ezingo du parte hartu, extrakomunitario izaten jarraitzen baitu, espainiar naziotasuna lortu ezinik oraindik, nahiz eta Gernikan –Gasteizen, Galizian eta abar– hainbat urte daramatzan. Horrez gain, Marta Alberdi gaztea azterketak direla-eta ez da joatzeko moduan egongo eta Roso Buch orkatilako lesio batetik errekuperatu berritan, azken orduan iritsiko da Valentziako «burbuilara» –hau da, lau taldeak hotelean sartuta izango dira eta kanpoaldearekin ia kontakturik gabe, irailean Bilbon Superkopa ospatu zen antzera–.

Hain justu, ezen Mataroko eskolta ez dela ostiralean Caceresen gernikarrek jokatu behar duten Emakumeen Ligako partida jokatzera iritsiko, badaezpada Mario Lopezek arriskurik ez hartzea nahiago izan baitu. Ostiraleko partidaren ostean, zapatuan atseden hartuko dute gernikarrek eta astelehenean bertan abiatuko dira Valentziara, Madrildik barrena.

«Ilusio handia damaigu Valentziara joan beharrak, baina ez da lantegi xamurra», onartu du Gerardo Candina Lointek Gernika Bizkaiako presidenteak Malosten antolatu den «Media Day» delakoan. «Laugarren urtez segidan Europan parte hartzen ari gara eta, pandemiak pandemia, sekula ere ez dugu atzera egiterik pentsatu, gure helburua beti aurrerantz eta gorantz egitea delako, baita nazioarte mailan ere.

Hala ere, kontuan izan behar dugu kirol taldeentzat oso urte gogorra izaten ari dela, nahiz eta, gure kasuan bederen, aurrekontua beti daukaguna baino gehiago xahutu gabe osatzen saiatzen garen. Dena dela, aurreneko fase hau gainditzeko gogotsu goaz, gure helburua lehiaketak uzten digun toperaino hobetzea izaten baita beti.

«Iaz Fontetan izan genuen Europako ibilbidearen azkena eta aurten ibilbide horri Fontetan bertan ekiteko gogoz gaude», onartzen du Belen Arrojo, Lointek Gernika taldeko hegal-pibotak. «Poztekoa da, burbuila barruan bada ere, Europako txapelketan parte hartu ahal izatea, hasiera baten ez geundelako oso ziur inolako lehiaketarik martxan jartzerik izango ote zen-eta», esan du Granadako jokalariak.

«Lau talde indartsu bilduko gara Valentzian eta ezin esan faboritorik dagoenik, laurok baitugu aurrera egiteko aukera», esan du, bere aldetik, Mario Lopez bizkaitarren entrenatzaileak. «Ikusi egin behar Estatu frantseseko taldeak nola iristen dire lehia honetara, abenduaren erdialdetik hona jokatzeke baitaude, beren liga txapelketa gurea baino motelago doalako, baina argi dago nekerik pilatu gabe jokatuko dutela. Teorian Carolo Basket aurkari indartsuagoa da La Roche Vendee baino eta Tenerife bera ere talde indartsua dela bistakoa da», gaineratu du.

«Hiru partida lau egunetan jokatu behar ditugu, bai, eta azkenerako nekea pilatuko da, baina gure helburua aurreneko partida da –La Roche Vendee, alegia–, urrutirago begiratu barik», dio, aldiz, Naiara Diez, gernikarren kapitainak. Altsasuko eskolta aurten iaz baino minutu gutxiago ari da jokatzen, baina badaki, are gehiago hutsuneak zeintzuk dire jakitun, talde guztia behar beharrezkoa izango dela gutxienez F multzo horretako aurreneko bi postuei nolabait heltzeko ahaleginean.

«Sentsazio onak hartu eta lehiaketan behar bezala sartzeko, aurreneko partida horretan zentratu behar dugu, zein falta den edo zein justu antzean iritsi den begiratu gabe. Azken baten, lortzen den emaitza ona edo txarra taldearen ardura izango da bere osotasunean. Izan ere, talde bikaina gara eta esfoertzuak konpartitu behar badira, prest gaude horretarako ere», adierazi du.

Norbere buruari begira

Bigarren bueltarik ez duen ligaxka azkar bat jokatzera, eta taldeen «scouting» delakoa egiteko bideoak badituzten arren, norbere burua ahalik eta zentratuen izatea da, bestalde, Itziar Ariztimuñoren ustez gakorik garrantzitsuenetako bat. «Aurkari bakointzaren aurrean partida bakarra jokatuko dugu. Beraz, nahiz eta baduen garrantzia aurkari bakoitzak nola jokatzen duen jakitea, gure buruari begiratu behar diogu batez ere. Esaterako, fisikoki erronka gogorra izango da, baina are gogorragoa ia buruari dagokionez», esan du antolatzaile bilbotarrak.

«Burugogorrak izan beharko dugu memento txarretan. Gainera, lau taldeak oso parekatuak izanda, ezin gara desanimatu deskuidoan aurreneko partida galduko bagenu ere», gaineratu du Ariztimuñok. Horren harira, Mario Lopez entrenatzailearen iritziz, «lantalde osoa erabili beharko dugu fase honetan. Batetik, Frantziako taldeen jokamoldea oso fisikoa delako; azkarra, bertikala erabat. Ondorioz, jokalarien minutuak kontuan hartu beharko ditugu azkenera iritsi ahal izateko. Jokalariek badakite hori, baita partida bat amaitzearekin batera ahaztu beharra dutela ere. Garrantzitsua da aurreneko partida hori, bai, baina hain da gogorra nornahi pasa daitekeela aurrera, aurten ez baitago, aurreneko urteetan ez bezala, Portugaldik edo datorren talde ahulik».

Margaret Roundtreek ezingo duenez jokatu, Belen Arrojori ziurrenik minutu gehiago jokatzea egokituko zaio, bai hegaleko postuan nola hegal-pibot postuan ere. «Ez da niretzat bakarrik izango neke hori, gainontzeko taldekideen artean bete beharko dugulako Margen hutsune hori. Karga handia da lau egunetan hiru partida jokatzea, baina kantxan lan ona egitea bezain garrantzitsua izango da partida ondorengo atsedena eta errekuperazio lana ere. Eta gauzak oker hasiko balira, ba aurrera segi, ez baitago buruari bueltak emateko astirik! Zentzu horretan, norbere arauak zuzen ezarri eta bete beharko ditugu aurkarien aurrean eta epaileek zenbateraino jokatzen uzten duten, bada, maila horretara ere egin beharko gara», ziurtatu du.

Mario Lopezek, amaitzeko, kontu apr batekin ekin nahi dio Europako abentura berri honi. «Aurten osatu dugun taldea luzeagoa da, jokalari on gehiago ditugu, baina agian buruz burukoan kalitate apur bat gehiago beharko genuke. Maila hauetan norbanakoen kalitateak erabakitzen du sarri partida baten zoria. Gure helburua Europan aurrera egitea da oso zaila dela badakigun arren, eta badakigu gure aurtengo apustua fisikoaren alde egitea izan dela. Ikusi egin behar noraino iristen garen, baina argi izan behar dugu oso zaila dela norbere mugetaraino iristea».

Ezin ahaztu orduan Gerardo Candinaren kexua. «Malosten oraindik ezin dugu inor ere sartu eta guretzat gogorra da gure zaleen berorik gabe, "marea granate" hori gabe jokatzea. Poz bat eman nahi genieke gure zale eta bazkideei; espero dut ere botere publikoek ere gure egoera eta gure lana ere aintzat hartuko dutela, honaino iristeko egin dugun lana eta gero».