INFO

Etxeratze agindua 18.00etan larunbatetik aurrera Ipar Euskal Herrian

Frantziako Gobernuak covid-19ak eragindako pandemiaren gorakadari erantzuteko neurri murriztaile berriak iragarri ditu. Larunbatetik aurrera Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko biztanleek 18.00etan etxeratu beharko dute.

Baionako irudia, konfinamendu gogorraren garaian, martxoaren bukaeran. (Guillaume FAUVEAU)

Bere Gobernuaren hainbat ministroez inguraturik Jean Castex frantziar lehen ministroak agerraldia egin du arratsaldeko 18.00etatik aitzin. Pandemiaren egoerak okerrera egin duela baieztatu du eta «egoera kontrolatzeko» neurri murriztaile berriak iragarri ditu.

Iragan urriaren 30ean Hexagonoak hautatu zuen «konfinamendu egokitua» defendatu du. Neurriak malgutu ondoren 20.00etan ezarri zen etxeratze agindua ere babestu du, baina oraindik zorroztu egingo da.

Izan ere, egunero batezbeste 16.000 kutsadura kasu berri atzematen direla azaldu du eta egoera «delikatua» dela aitortu du. Are gehiago kontuan izanik Britainia Handia eta Hego Afrikan atzeman zituzten covid-19aren aldaerak frantziar Estatuan ere agertu direla.

Hori dela eta aurrerantzean frantses Estatuan sartzeko Europako Batasunetik kanpoko herrialdetatik helduko diren herritarrei PCR probak eskatuko dizkietela iragarri du Jean Castexek. Litekeena da EBko hainbat herrialderekin neurri bera hartzea, «osasun egoerak hala gomendatzen badu», esan du lehen ministroak.

Edonola ere mugaz gaindiko langileei ez dietela ez PCR proba egitea ezta zazpi eguneko isolamendua gordetzea eskatuko argitu du gobernuburuak.

Dagoeneko 25 departamenduetan indarrean den neurria orokortu egingo da. Hau da, etxeratze agindua Hexagono osoan, beraz Ipar Euskal Herrian ere, bi oren lehenago hasiko da, larunbatetik aurrera eta gutxienez ondorengo 15 egunetan. Ildo beretik, saltoki eta zerbitzu guztiek itxi egin beharko dute 18.00etan.

Egoera ez bada hobetzen, konfinamendua?

Azkeneko egunotan zurrumurru handiak izan dira asteburuan zehar konfinamendua ezartzeko Gobernuak izango lukeen asmoari buruz. Gaurko agerraldian Castexek ez du horrelako iragarpenik egin.

Hala ere Castexek ez du baztertu, gauzak okertuz gero, neurri gogorragoak agintzea ondoko asteotan, konfinamendua barne. Izan ere gaur egun erabaki hori ez dela hartuta esan du.

Bestalde, eskolek irekita jarraituko badute ere osasun protokolo zorrotzagoak ezarriko dituzte, hala nola jangeletan. Horretaz gain, bai eskoletan bai ikastetxeetatik kanpo baina gela itxietan eginen diren kirol jarduerak eten egingo dituztela jakitera eman du Gobernuaren ordezkariak. Horretaz gain, ikastetxeetan astero 300.000 test egiteko erronka mahai gainean ezarri du Michel Blanquer Hezkuntza ministroak.

Urtarrila amaieran, epeka bada ere, Unibertsitatean eskola presentzialak berrabiatuko dituztela azaldu du, bere aldetik, Frederique Vidal Goi Ikasketetarako ministroak. Antigenoen probak orokortzeko asmoa agertu du.

Txertaketa kanpaina izanen da Emmanuel Macronen Gobernuaren lehentasuna. Hexagonoan prozesu hori oso mantso abiatu bada ere hil honen amaierako milioi bat lagunek txertoa jasoko dutela ziurtatu du. Atzoko datuen arabera dagoeneko 250.000 herritarrek jaso dute covid-19ren aurkako txertoa.