INFO

Mende bateko oroitzapenak gordetzen dituen ereserkia aurkeztu du Alavesek

Alavesek bere mendeurreneko ereserkia aurkeztu du ostegun honetan. Izal taldeko Mikel Izal abeslariak konposatu du kantua. Klubak adierazi duenez, mendeurreneko ospakizunen mugarri bat izango da. Mendeurrena hurrengo astean ospatuko da, hilaren 23an.


Urtarrilaren 23an ehun urte beteko ditu Alavesek eta denboraldi honetan zehar zenbait ekintza burutzen dabil talde gasteiztarra. Azkena, ostegun honetan aurkeztutakoa, mendeurreneko ereserkia da. Izal taldeko Mikel Izal abeslari eta konpositoreak egin du kantua, "Alta la frente" izenekoa. Euskaraz ere bertsioa osatu dute, Miren Agur Meabek moldatua ("Gora burua"). Hau datozen egunetan jarriko dute entzugai plataforma ezberdinetan.

Momentuz, gaztelerazko bertsioaren argitaratzearekin, klubaren hitzetan, mendeurreneko ekintzen mugarri da ereserki hau. «Musika eta hitzak zuzenean Alaveseko zaleen bihotzetara iristen dira, historiako gertakizunei uneoro keinuak eginez eta gune, egoera eta pertsonai ahaztezinak gogoratuz», adierazi du klubak prentsa ohar baten bitartez.

«Ereserki hau nire musika ibilbidean ilusio gehien piztu didan proiektuetako bat izan da. Etxera itzultzearen ilusioa, hazi ninduten pertsonentzat ekarpen moduko bat izan dadin, etxea kontsideratzen dudan hiri bateri egindako ekarpena. Ohorea, harrotasuna eta bertigo atsegingarria izan da. Esanahi hori izan du nigan nire lurren sentimenduak abesti bilakatzeak», onartu du artistak.

Bideoklipa AfterliVe Filmsek egin du. Bertan, irudi orokorrak, Alaveseko jokalariak izan direnak eta anekdotez gain, urtarrilaren 23an urteak betetzen dituzten bazkideen irudiak ere agertzen dira. Guztira, 29 bazkidek ospatzen dute beraien urtemuga egun horretan eta bideoklipean hogei bat agertzen dira.

Real Madrilen bisita

Urtarrilaren 23an, mendeurrena ospatzen den egunean bertan, Real Madrilek bisitatuko du Mendizorrotza. Zaleek ezingo dute gertutik ospatu hitzordu garrantzitsu hau. Ereserkia Mendizorrotzan entzungo den lehen aldia izango daiteke Zinedine Zidane taldearen aurkako neurketa. Bestalde, egoerak ahalbidetzen duenean, zuzeneko emanaldia antolatuko duela adierazi du klubak.