INFO

Joe Bidenek erreskate plan erraldoia aurkeztu du Etxe Zurira iritsi bezperan

AEBetako presidente hautatuak, Joe Bidenek, 1,9 bilioi dolarretako plana aurkeztu du Kongresuan ia hondoa jo duen ekonomia suspertzeko eta pandemiaren eragin izugarria baretzeko.

Joe Biden AEBetako presidente hautatuaren agerraldia. (Jim WATSON/AFP)

Presidente kargua hartzeko sei egun falta direnean, Joe Bidenek Estatu Batuetako Erreskate Plana aurkeztu zuen atzo iluntzean (ostiral goizaldean Euskal Herrian) mundu osoan pandemiak kalte handiena eragin duen herrialdean produkzio-aparatua suspertzeko asmoz.

Johns Hopkins unibertsitateak egiten duen kontaketaren arabera, 387.103 hildako eta 23,3 milioi kutsatu utzi ditu dagoeneko koronabirusak (osteguneko datuak).

«Ez da zaila ikustea belaunaldi askotan ematen ez den krisialdi ekonomikoa eta bide batez osasun krisia pairatzen ari garela», azaldu zuen agerraldian. «Ekonomia errealari eragiten dion benetako mina dago eta ez dago denbora galtzerik», gaineratu zuen.

Milioika estatubatuarrek lana galdu dute eta hauetatik 14 milioi, alokairua ordaindu ezinik, etxetik bidaliko dituzten beldur dira eta elikagai bankuetara jo behar dute bizirauteko.

18 milioi langile langabezia-aseguruaren menpe bizi dira eta 400.000 enpresa txikik itxi egin behar izan dute.

Kongresuaren babesa beharko duen ekimenak 1,9 bilioi dolarretako kostua izango du.

Besteak beste, pertsona bakoitzeko 1.400 dolarreko ordainketa zuzenak, irailera bitartean langabezia-aseguruan astero 400 dolarreko osagarria eta seme-alaben inguruko kredituak gehitzea aurrikusten du erreskate planak.

Bide batez, 160.000 milioi dolar herrialde osoa txertatzeko lanetara eta txerto-dosiak banatzera zuzenduko dira, eta beste 50.000 milioi botika berriak probatzera.

170.000 milioi dolar eskolatan eta goi hezkuntzan inbertituko dira, besteak beste pandemiaren erdi-erdian era seguruan zabalik jarrai dezaten.

Gutxiengo soldata federala orduko 15 dolarrera igoko da eta, azkenik, estatuetako gobernuek eta udal-administrazioek  350.000 milioi dolar izango dituzte.

Bi adar

Hori Estatu Batuetako Erreskate Planari dagokionez. Izan ere, Bidenek berak beste Susperraldi Plan bat aurkeztuko du otsailean. Ordurako Etxe Zurian egongo da eta Kongresuaren bi ganberek egingo duten bilkura bateratuan aurkezteko asmoa du.

Bigarren plan honek AEBetan erabat zaharkituta dauden azpiegiturak hobetzea eta energia garbiak sustatzea izango du helburu.

Bitartean, egun herrialdeak bizi duen egoera larria arintzea da atzo aurkeztu zuen planaren xedea. «Hitz egiten ari naizen bitartean,  AEBetako 7 etxetatik 1ean, 5etik 1ean beltzen eta latinoen etxeei dagokienez, ez dago nahiko jatekorik».

Erreskate planarekin 12 milioi estatubatuar txirotasunetik ateratzea eta 5 milioi haurrek pairatzen duten pobrezia-egoera erdira jaistea espero du.

Bide batez, eta orain arteko txertaketa-prozesua «izugarrizko porrota» izan dela salatu ondoren, bere lehen 100 egunetan 100 milioi biztanle txertatzeko konpromisoa hartu du presidente hautatuak: «Lurra eta zerua astinduko ditut jendea txertatu dadin lortzeko». Goi-goitik laguntza beharko du negazionistez edo pandemiaren gaitza txikiagotzen duen jendez gainezka dagoen herrialdeko agintariak.

Aurreko planak

Aurreko abenduan, Kongresuak 900.000 milioi dolarreko plan ekonomikoa onartu zuen. Donald Trumpek oztopatu egin zuen errepublikanoekin zuen lehia politikoaren erdi-erdian baina azkenean amore eman eta legea sinatu zuen, oso urria zela salatu ondoren.

Iazko martxoan, magnatea Etxe Zurian zegoela, 2,2 bilioi dolarreko plana onartu zuten AEBek, bere historian eman den handiena.