INFO
Interview

«Hurrengo hamarkadako erronkei aurre egiteko prest dagoen EH Bildu bat aterako da Kongresutik»

Garikoitz Mujikak eta Onintze Oleagak egin dute larunbateko Batzar Nagusian hasi zen EH Bilduren II. Kongresuak ekarriko duenaren irakurketa eta azken urteek eman dutenaren errepasoa.

Onintze Oleaga eta Garikoitz Mujika. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Larunbatean araudia eta Berme Batzordearen osaketa adostuta, balantze politikoa eta antolaketakoa aurkeztuko dute otsailean, apirilean itxiko dena. Maiatzean bukatuko da prozesua, zuzendaritza politiko berria eratzeko arduradunen aukeraketarekin. Politika ere «emozioak» direnez, emozioz bizi dute EH Bildun koalizioaren bilakaera. Bildu legeztatu zutenetik hamar urtera, egindakoa balioan jarri eta datorren hamarkadako erronkak zehaztuko dituzte EH Bilduren II. Kongresuan.

Maiatzera bitarte iraungo duen prozesua abiatu du EH Bilduk. Egoera dagoen bezala, gauzak asko aldatu daitezke bitartean. Eragina izan dezake prozesuan?
Onintze OLEAGA: Eragina izango duela agerikoa da. Baina egia da Kongresua ospatzeko hautua hartu bada, bitarteko guztiak jarriko direlako dela, bilkide guztien parte hartzea bermatzeko. Orduan, aurreikusi behar dugu egoera desberdinetara nola egokituko garen Kongresu hau era egokienean bideratzeko.

I. Kongresuan eztabaidatutako hiru zutabeak sakonduko dituzue: subjektu politiko propioa, kalean eta instituzioetan jardungo duen indar politiko bat eta zuzendaritza berriaren aukeraketa. Batez ere lehenengo biei dagokienean, zer lortu da eta zer dago egiteko?
Garikoitz MUJIKA: 2017an erabaki hori hartu genuenean, koalizio huts bat izatetik gentozen. Kongresua baino 2-3 hilabete lehenago ekitaldi bat egin zen Iruñeko Baluarten, eta koalizio hura osatzen zuten lau alderdiek akordio bat sinatu zuten, non aditzera ematen zuten beraien subirautzaren zati bat ematen zutela subjektu politiko hau sortzearen bidean. Hori egin genuen 2017an, joku-zelai batzuk sortu eta subjektu politiko bezala artikulatu.

Prozesu bat da EH Bilduren eraikuntza. Lau arte pasa dira, lorpen handiak egin ditugu barne mailan, antolakuntzan eta politikoki, baina sakontzeko bidea geratzen da. Aurten, adibidez, EH Bilduren gorputz politikoa herri guztietan zabaltzen gaude, ez gara ari soilik instituzioetan zinegotziak izateko logikan. Orain urte eta erdi, adibidez, eraketa aparatua jarri genuen martxan, EH Bilduren bizkar-hezurra josiko lukeena transmisio politikorako eta EH Bildu herri guztietan egonkortzeko misioa duena. Eraikuntza prozesu horretan oraindik ere bagaude, horregatik sakonduko dugu 2017ko mandatuan. Batik bat, plano organizatiboan egingo ditugu sakontze edo doiketa horiek. Alegia, 2017an antolakuntza-eskema bat jarri genuen martxan, eta orain ikusiko dugu zerk balio izan digun eta zerk behar duen hobetzea.

«Bilkide bat, boto bat» printzipioari eutsiko diozue.
O.O: Orain arte inskribatuekin lan egin izan da, aurreko Kongresuan ere inskribatu guztiek parte hartu ahal izan zuten. Orain, estatutuek jasotzen duten moduan, salto bat ematea dagokigu, eta bilkideek parte hartuko dute bozka eskubidean, emendakinak aurkezteko eskubidean zein proposamenak aurkeztean. Horrek suposatzen du Kongresuan parte hartu nahi duenak afiliatu behar duela, eta horrek dakarren ondorio bat da EH Bildurekiko atxikimendu estuagoa duten horiek parte hartuko dutela Kongresuan.

G.M: Horrek ez du esan nahi parte hartzea afiliatuei soilik dagokiela. Kongresuan egongo dira parte hartzeko eremuak bilkideez harago joango direnak.

Otegik esan zuen zuzendaritzako kide izateko aurkeztuko zuela bere burua. Zer itxura hartzen diozue Bateragune auziak eman duen aldaketari?
G.M: Arnaldoren hautagaitza abalatua dator. Orain lau urte nola ginen eta orain non gauden, abal hori Arnaldok gidatutako zuzendaritzaren eskutik dator eta ez dago beste logikarik une honetan, are gehiago ezkerreko independentismoak lidergo sendo bat daukanean eta hori Arnaldoren eskutik ordezkatu denean. Gehiago esango nuke. Arerioak, eta kasu honetan ikuspuntu espainiarretik, gai beraren gainean hasten direnean jira eta buelta, erakusten digu oso ondo nondik jarraitu behar dugun ekiten. Arnaldo koordinatzaile orokor izaten jarraitzeko kanpaina beraiek egingo dute.

Prozesu honetatik EH Bildu berritu bat aterako da?
G.M: Prozesu honetatik 2017an sortu genuen EH Bildu berriaren eraikuntzaren hurrengo pausoa eman eta indartuago aterako da.

O.O: Hurrengo hamarkadako erronkei aurre egiteko prest dagoen EH Bildu bat aterako da, hori da prozesuak duen erronka nagusia. Hartara, herri honek izango dituen erronka sozial, ekonomiko eta politikoei nola aurre egin eta EH Bildu organiko eta politikoki sendo bat ateratzea da helburua, erronka horiei aurre egiteko prest egongo dena.

Goranzko joerari eutsi nahi diozue, koalizioa Gobernu-indar bilakatzea helburu. Estrategiak luzera begirakoa behar du izan?
G.M: Ez dago egun bat esnatzen zarena esanez ‘gaur gai naiz gobernu-indar izateko’. Gobernu-indarra izateko bokazioa daukagu, baina baita ere Estatu ikuspegian baliabideak sortzekoa. Gure helburu politikoa Euskal Errepublika sortzea bada, anbizio horrekin jokatu behar dugu, eta jokatzen ari gara. Gaitasun politikoa daukagu gobernu-indar izateko, bagarelako. Gobernatu dugulako toki askotan eta gobernatzen dugulako, eta ez soilik udalerrietan.

O.O: Aipatu ditugun erronka horiei aurre egiteko, ezinbestean, Euskal Estatua sortzeko hautua egin behar dugu. Euskal Errepublika delako modu bakarra erronka horiei era duinean aurre egiteko. Hori ez da epe laburreko edo epe luzeko estrategia, baizik egunero-egunero eraikitzen goazen ariketa. Eta ariketa hori egiten dugu herrietan lan egiterakoan eta instituzio guztietan lan egiterakoan. Udalen papera ezinbestekoa da bide horretan, Euskal Herriko lehen indar munizipalista garelako.

Oposiziotik, behin baino gehiagotan salatu duzue EAJ-PSE Gobernuak ez duela EH Bildurekin akordioak egiteko inongo asmorik erakusten, batez ere pandemiaren garaian; azken ezezkoa Pedro Azpiazurena, aurrekontuak kari.

G.M: Eragiteko gaitasuna ez dago soilik zuk daukazun indar kopuruan, baizik eztabaida politikoan eta publikoan eragiteko daukazun gaitasunaren arabera neurtu daiteke. Indar korrelazioak gauza horrek erraztu ditzake, edo ez. EAEren kasuan, EAJk modu honetara bere beldur guztiak ahoskatzen ditu. Badakielako EH Bildu etengabeko hobekuntzaren une batean dagoela. Ez dakit bere status quo-aren mehatxua ikusten duen. Portua non dagoen oso ondo dakien indar politiko bat gara. Oso kohesionatuta gaude gure baitan eta gure oinarriarekin, hori ere lortu dugu. Baina gu ez gara txalupa bat. Transatlantikoa izateko misio, bokazio eta anbizioarekin goaz. Horretan pauso handiak egiten ari gara, eta uste dut EAJk mehatxu bat ikusten duela gugan.

Nafarroan, aldiz, errazagoa izan da elkarrizketak mantentzea.

G.M: Pertsona normal batzuek bezala, eta agintari normal batzuek bezala, kolaboratiboki egin dituzte gauzak. Normala ez dena, eta are gutxiago ez-ohiko egoera batean, bunkerizatua dagoen Gobernu bat egotea da, uste duelako gehiengo absolutua izateak ekartzen duela erabaki guztiak aldebakarrez hartzea. Guk ez dugu hori partekatzen. Kanpainatik hasita, proposamenak jarri ditugu mahai gainean. Gobernuak jakingo du zergatik egiten dioten muzin honi.

O.O: Nafarroako elkarrizketek gobernantza ereduari erantzuten diote. EAJk daukan gobernantza ereduak eta EH Bildurenak talka egiten dute. EAJk izan duena ikusi dugu Eusko Jaurlaritzan zein oposizioan gauden udal askotan, eta gehiengo absolutuarena izan da, erabakiak alderdi batetik itsu-itsuan hartzea. Horrek eragin du hemen egon den kaosa eta eraginkortasun gabezia. Beste aldean, beste gobernantza eredu batekin jardun dugunean, EH Bilduk eskua luzatu du, guztion artean adostasunak lortu, ez soilik indar politikoekin, baina ekonomiko eta sozialekin ere.

«10 urte baino ez…» diozue, baina gauza asko aldatu dira azken hamarkadan. 2011tik hona, profil berriak zabaldu dira EH Bildun?
G.M: Testuinguru politikoak eragiten du, eta Bildu testuinguru politiko zehatz batean sortu zen. 2011an, noiz ETAk bere su etena iragarri zuen, ezker abertzalearen aldaketa estrategikoaren bidetik zetorren. Oinarri batzuk ezarrita zeuden. Baina egia da ordura arte alderdien arteko koalizio huts bat zela. 2011n beste salto bat eman zen, Aralarren inkorporazioarekin Amaiur osatu zenean; zazpi diputatu atera genituen, orain baino gehiago. Horretara atxikitu zen jende batek gaur egun ilusioa edo desilusioa edukitzea? Ez dakit, nik bai esango nukeela gaur egun badagoela harrotasun bat EH Bilduko komunitateko kide izatearena. Gu ez gara ezkutatzen, ezkerrekoak eta soberanistak gara. Horren baitan atxikitzen da geroz eta jende gehiago. Eta pandemiak zeozer erakutsi badu, beste gauza batzuen artean, izan da edo gure buruaren jabe garela, edo beste batzuek erabakitzen dutela gure partez.

Oraingo honetan, zer helarazi nahi die EH Bilduk herritarrei eta zer erronka ditu?

G.M: Erronka oso handiak datoz datozen urteetan, eta Euskal Herria ez da egongo horietatik salbu. Kasu honetan, gizarte bezala aurre egin beharko diegun erronka horiei begira jarri behar dugu. EH Bildu horretarako ere prest egongo den indar politikoa da, lehenik eta behin bere ortzimuga herri hau delako, ez soilik indar bezala elikatzea. EH Bildu prestutasunaz harago prest dagoen indar politiko bat da. Guk aspaldi erabaki genuen zer izan nahi dugun handitan, eta handitan Estatu bat izan nahi dugu. Horretarako bitarteko guztiak jartzeko konpromisoa berretsiko dugu Kongresu honetan ere bai.