Zuberoako hamar herritan «prebentziozko hilketak» egiteko agindua hegazti gripeagatik
Paueko Prefeturak Zuberoako hamar herritan diren etxaldeetan «perbentziozko hilketak» abiatzeko agindua eman du hegazti gripearen hedapena ekiditeko. Ahate hazleak ez dira ados sano dauden hegaztiak hiltzearekin.
Iazko azaroan Korsikan lehen kasua topatu zenetik etengabe hedatu da hegazti gripea Estatu frantsesean eta Landetatik barrena Zuberoara ere iritsi da. Gauzak honela, Paueko Prefeturak Zuberoako hamar herritan hegaztien «hilketa prebentiboak» abiatzeko agindua eman du. Ordea, abeltzain asko ez dira ados sano diren ahateak hiltzearekin.
Ainharbe, Arüe-Ithorrotze-Olhaibi, Ürrüstoi-Larrabile, Sarrikotapea, Ezpeize-Ündüreine, Etxarri, Jeztaze, Ospitalepea, Lixoze eta Mitikile-Larrori-Mendibile dira hegazti gripearen hedapena ekiditeko «hilketa prebentiboak» egiteko agindua jaso duten Zuberoako herriak.
Zuberoan Biarnorekin eta Landekin mugakide diren herrietan guztira hamabi foku atzeman direla jakinarazi zuen Prefeturak, baina ‘Mediabask’ hedabideak azaldu duenez, zuzenean galdetu dieten arren, ez diete erantzun zehazki Zuberoan kutsadura kasurik izan den eta hala izan bada zein herritan eman den.
Azken datuen arabera, Landetan ia 250 etxalde «kutsatuak» dira, beraz hegazti gripearen suspertzea azkarra izan da eta horrek mugakide diren herrietan neurri desberdinak hartzea ekarri du. Gainera, zirkuitu laburrean hazten diren etxalde txikietan ere ohikoa baino kasu gehiago izan da.
Ipar Euskal Herriko 67 herri zaintzapean dira egun, Angelutik hasi eta Mauleraino, hau da, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herri ainitzek neurri desberdinak bete behar dituzte, arriskuaren arabera, eta arriskugunetik gertu dauden herrietan neurriak zorrotzagoak dira.
Hala ere. badira babes guneak ere, adibidez, Zuberoako Lixoze, Sarrikotapea, Ürrüstoi-Larrabile eta Arüe-Ithorrotze-Olhaibi herriak babes gunean aurkitzen dira.
Garraioa ekidin
Sakrifikatu beharreko hegaztiak Akamarreko hiltegira eramaten dira, baita Landetakoak ere, eta han burutzen da Prefeturak «palmipedoen despopulatzea» deitzen duena.
Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorreko lehendakariak hegaztien garraioa murrizteko departamenduko errepideetatik zirkulatzea debekatu duela azaldu du, eta zera gaineratu du: «Badira irtenbide teknikoak, autobidetik».
Kontuan hartu behar da ahate hazle eta abeltzainek sarritan salatu duten moduan, hegazti gripea hedatzeko arrazoi nagusia, hain zuzen, hegaztiak alde batetik bestera garraitzea dela. Horregatik salatzen dute enpresa handien eta etxalde txikien arteko eredua bereizi behar direla, etxalde txikietan ahateak eremu finko batean hazten baitira, aldiz enpresa handietako haztegiek etengabe mugitzen dituzte haien kabalak.