INFO

Klima larrialdia salatu eta Zaldibar gogoratzeko mobilizazioak deitu dituzte hamarka eragilek

U30 Aldaketaldia jardunaldia egingo da Bizkaiko hainbat herri eta hiritan urtarrilaren 30ean, gaur egungo larrialdi klimatikoaren egoera salatzeko. Aldarrikapen horren barruan, otsailaren 6an Zaldibarko zabortegia erori zeneko lehen urteurreneko ekitaldiak ere sartuko dira.

Hodei Rodriguez eta Miren Basaldua ordezkariak. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Berrogeita hamar bat erakunde eta gizarte-eragilek «U30 Aldaketaldia - Zaldibar gogoratuz» mobilizazio-jardunaldia iragarri dute Bizkaiko hainbat herritan datorren urtarrilaren 30ean, «bizi dugun larrialdi klimatiko, ekologiko eta sozial larria» salatzeko.

Asteazken honetan Bilboko Burtsako eraikinean egindako prentsaurrekoan, kolektiboen ordezkariek dinamikaren parte-hartzaileak eta urtarrilaren 30ean Bizkaiko hainbat herritan, zehazki Getxo, Bilbo, Galdakao, Fruiz, Erandio, Ondarroa, Mungia, Arratia, Barakaldo, Basauri eta Zallan egingo diren hitzaldi, elkarretaratze eta erakusketak, besteak beste, iragarri dituzte. Gainera, arratsaldeko 17.30ean Bilbon egingo den manifestazio bateratua aurkeztu dute ere, Kale Nagusiko Lakuako egoitzatik aterako dena.

«Agintari politikoek, orain krisi sanitarioaren aitzakian, eredu ekonomiko eta sozial jasanezinean sakondu eta krisia areagotzen jarraitzen duten honetan, beharrezkoa da norabide-aldaketa sakona exijitu eta trantsizio ekologiko eta sozialki justu baten alde urratsak emango dituen jendartea aktibatu eta saretzea. Argi dugu bizitzaren aldeko norabide-aldaketa hori ez dela gauzatuko horren alde egiten duen euskal gizarte aktibo eta saretua ez badugu», aldarrikatu dute Hodei Rodriguez eta Miren Basaldua ordezkariek.

Dei honetan, kolektiboek nabarmendu nahi izan dute krisi globala «gurean hasten dela», besteak beste, «gure garraioan, hondakinen ekoizpen eta kudeaketan, bioaniztasunaren galeran, lurralde antolaketan, baita gure zaintzen sisteman eta fiskalitatean». Beraz, azaldu dute kanpaina honek «lokala eta globala» uztartzeko izan nahi duela eta horretarako «erantzun argiak» eskatu dituzte.

Zaldibar, lehen urteurrena

U30 Aldaketaldiarekin parte hartu dutenen artean Zaldibar Argitu herri paltaforma dago. Hain zuzen ere, otsailaren 6an Zaldibarko zabortegia bertan behera erori zeneko urteurrena izango da eta asteazken honetako ekitaldian ere Zaldibar Argituk antolatutako ekimen eta elkarretaratzeak ere babestu dute.

Gaizka Zabarte Zaldibar Argitu plataformaren bozeramaileak mobilizazioen egutegia ezagutarazi du, urteurrenarekin batera. Datorren larunbatean, hau da, urtarrilaren 23an, Zaldibar Argituk, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartarekin batera, elkartasun-ekitaldia ontolatu du Eibarren, auziak ekarriko dizkien gastuei aurre egiteko. Bi plataformak herri-akusazio gisa aurkeztu ziren.

Azkenik, osasun egoerak horretarako aukera ematen badu, Zabartek jakinarazi du elkarretaratze bateratua egingo dutela otsailaren 6an. Helburua da bai bizkaitarrek bai gipuzkoarrek joatea ahal izatea. Datorren astean, plataformak deia honetari buruzko xehetasun gehiago emango ditu, osasun murrizketak kontuan hartuz.