INFO

‘One club men’, Athleticeko jokalarien kantu aldarrikatzailea ospakizunekin jarraitzeko

Ibizaren kontrako kanporaketa gainditu ostean, Athleticeko hainbat jokalarik osatzen duten Orsai musika taldeak ‘One club men’ bere lehen kantua zabaldu du sare sozialetan Superkoparen ospakizunekin jarraitzeko.

Orsai musika taldea osatzen duten Athleticeko jokalariak. (@orsaimusic)

Alaitasuna eta festa giroa da nagusi zale zuri-gorrien artean. Asier Villalibrek tronpeta atera zuen Superkopako garaipena ospatzeko eta leku guztietatik zabaldu dira bere irudiak. Gernikarrak nortasun berezia dauka eta golak egiteaz gain, erakusten duen naturaltasun eta umiltasunak ikur bilakatu du.

Sevillan festa egin zuten Athleticeko kideek eta bertan kontzertua eskaini zuen Orsai taldeak. Athleticeko jokalari ezberdinek osatzen duten. Villalibre da abeslaria eta tronpeta jolea, Lekuek baxua, Dani Garcia bateria eta Vesgak, Balenziagak eta De Marcosek gitarra jotzen duten. Lezaman hezitako bi bizkaitar, Alavesetik igarotako bi arabar eta Zumarragako beste bi, Zubietan aritutakoak.

Adurizek 2015an Bilboko Udaletxeko balkoitik ospetsu egindako kuadrilari izaera ematen dion taldea. Hainbat klubek eta jokalarik tituluak lortuko dituzte, baina gutxik izango dute musika talde bat aldagelan.

Marcelinok berak onartu du lagun minak direla eta igartzen dela. Harrituta eta mirespenarekin ikusi zuen Villalibre kantuan Superkopako ospakizunetan.

Bolada onari jarraipena emateko eta Ibizan azken minutuan garaipena lortu ostean, Orsai taldeak bere lehen kanta zabaldu du sare sozialetan. Eskorbuto, Doctor Deseo, Itoiz edo AC/DC taldeen bertsioak jotzen ikusi ditugu bideo ezberdinetan, baina ‘One club men’ izenburua daramana beraiek sortua da. Aldarrikapen bat taldearekiko maitasuna eta nortasuna adierazteko, euskara eta ingelesa nahasten.

Promoziorako egindako argazkiek ere badute bere esanahia. Lamiakon ateratakoak dira, Athleticek lehen partidak jokatu zituen tokian, baloi zahar batekin...