Artoteka, artelanak maileguan hartzeko plataforma jaio da
Abian da Artoteka, artelan artistikoak maileguan hartu eta artisten eta herritarren arteko bitartekaritza jarduerak garatzeko plataforma. Arte garaikidea kolektibo, pertsona eta eguneroko espazioetara hurbiltzea du helburu egitasmoak.
Gure artean ez da ohikoa artelanak maileguan hartzea. Hala, frantziar Estatuko Artotheques formatua, dagoeneko sendotuta dagoen proiektua, izan du eredu Artoteka plataformak. «Egun hainbat artoteka eredu dago Alemania, Italia, Errumania, Austria, Herbehereak edo Mexikoko museo, arte zentro eta kultura erakundeetan», kontatu dute arduradunek. Sarean, Wikitoki eta Karraskan erakundeek bultzatutako proiektua da Artoteka, eta Laura Diezek, Iranzu Guijarrok eta Marina Urrutikoetxeak koordinatu dute.
Orain arte ez da ez Euskal Herrian ez espainiar Estatuan inoiz garatu antzeko ekimenik. «Euskal testuinguruaren errealitatera egokitu dugu formatua –azaldu dute arduradunek–. Artotekak formatua Bizkaiko testuingurura egokitzea proposatu du». 2021eko lehen hilabeteetan esperientziaren balorazioa egin eta ez dute baztertzen ondoren pausu berriak ematerik. «Lehen fase honek proiektua zabaltzen eta hobetzen joateko balioko du», diote.
Liburuak eskaintzen eta literatura zabaltzen dituen liburutegi baten moduan funtzionatzen du Artoteka ekimenak. «Bere helburu nagusiak ondare artistiko garaikidea zabaltzea eta artisten eta herritarren arteko topaketak ahalbidetzea dira», azaldu dute.
Proiekturako propio sortutako bertako hamar artistaren lanen bilduma du abiapuntu Artotekak. Bilduma horrek tokiko sorkuntza garaikidearen aniztasuna eta aberastasuna erakusten ditu. «Bilduma hibridoa da, hainbat diziplinatako lanak biltzen dituena: marrazketa, argazkigintza, pintura, eskultura, bideoa... Artisten intereseko gaiak ikusarazi nahi ditu, artea beste jakintza arlo batzuekin lotuz», gaineratu dute.
Artotekan parte hartuko duten artistak hauek dira: Belen Cerezo, Helena Goñi, Juana Garcia-Pozuelo, Mawatres, Raisa Alava, Raquel Asensi, Raquel Meyers, Saioa Olmo, Tunipanea eta Victoria Ascaso.
Erabiltzaileek obra bat edo batzuk hauta ditzakete etxean, lantokian edo estudioan maileguan hartzeko. Maileguek hiru hilabete irauten dute gutxienez, eta obren garraioa eta instalazioa Artotekako taldeak hartzen du bere gain. Erabiltzaileek kuota ordaindu beharko dute hilero. «Prototipo fasean hiru hileko kuota atera dugu; 50 euroko kuota pertsona banakakoentzat (bi artelan hiru hilabetez gehienez) eta 150 euroko kuota erakundeentzat (hiru artelan hiru hilabetez gehienez). Baina gure intentzioa, etorkizunean, hileroko kuota izatea da; 10 euroko kuota pertsona banakakoentzat eta 50 euroko kuota erakundeentzat. Baina hori etorkizunean», zehaztu dute.
Mailegu bakoitza aktibatzeko, bitartekaritza jarduerak diseinatzen dira bai espazioaren bai erabiltzailearen eta artistaren beharren eta interesen arabera. «Horrela, artisten eta komunitateen arteko topaguneak sortzen dira, obren eta horien esanahien inguruan hausnarketa kolektiboa eraikiz», diote.
Hutsune bat betetzera dator proiektua. «Arte garaikidera hurbiltzea eta kulturarako sarbidea sustatzen ditugu, eta gure ikerketan identifikatu genituen Euskal Herriko testuinguruaren arazo eta gabezia batzuei irtenbideak proposatzen dizkiegu: arte garaikidea jendartera hurbiltzeko, hedapen espazio berriak sortu eta publiko berriak erakartzeko moduei begira berritzeko beharra, artean bide ekonomiko berriak sortzeko beharrizana eta, azkenik, artearen alorrean bitartekaritza agenterik ez egotea».
Espektatibez galdetutakoan, honakoa diote: «Artisten lana zabaltzen laguntzea, pertsonak artearekin harreman estuagoa izatera bultzatzea, pertsonak artearen bidez hainbat gairi buruz elkarrekin hausnartzera bultzatzea dira gure asmoak».
Erakusketa, zabalik
Bilboko Alondegiko Mediateka BBK gunean erakutsiko da Artoteka proiektuko artelanen bilduma. Atzo ireki zen eta zabalik izango da apirilaren 11ra bitartean. Erakusketak Bilbon bizi diren eta Artotekan parte hartuko duten hamar artisten lana erakusten du. Hainbat diziplinatako lanez osatutako bilduma da: argazkigintza, pintura, instalazioa eta bideoa, besteak beste. Ordutegia 10.00etatik 20.00etara artekoa da, eta, sarrera, doan.
Atzo goizean Bilbon egin zen aurkezpen ekitaldian bisitariek hainbat ekitalditan parte hartu ahal izan zuten. 10.30etik aurrera, bisita gidatuak, koordinatzaileek gidatutako proiektuaren aurkezpena (12.00etan) eta Raquel Asensi artistarekin jarduera bat (13.00etan) egin ziren.