INFO

149.900 langaberekin amaitu da 2020a Euskal Herrian, iaz baino 17.500 gehiago

INE Espainiako Estatistika Institutu Nazionalak argitaratu berri dituen azken inkestako datuak oinarri hartuta Gandegiak jakinarazi duenez, 149.900 langaberekin amaitu da 2020a Euskal Herrian, aurreko urtean baino 17.500.

Gasteizko Lanbide bulegoa. (Raul BOGAJO/FOKU)

149.900 langabeturekin amaitu da 2020a Euskal Herrian, INEk argitaratu berri duen azken inkestako datuak kontuan hartuz Gaindegiak jakinarazi duenez. Aurreko urtean baino 17.500 langabe gehiago dira horiek. Hala, azken hiruhilekoko datuek Euskal Herriko langabezia tasa 2020 urtean %9,41an finkatzen dute INEren arabera, eta, %10,06an Eustaten arabera.

Azken hiruhilekoan langabezia tasak joera desberdinak izan ditu lurraldearen arabera. INEren datuei jarraiki, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta langabezia tasak gora egin du Araban (+2,0) eta Nafarroa Garaian (+1,7) nabarmenki, eta, modu apalagoan, Bizkaian (+0,1). Gipuzkoan langabezia tasaren jaitsiera garrantzitsua adierazi du INEk (-2,2), baina Eustateko datuek kontrako joera marrazten dute lurralde horretan (+2,5).

Azken hiruhilekoan INEko datuek EAEn biztanleria aktiboa eta langabetuen kopurua, hala nola langabezia tasa, apaldu egin direla aditzera ematen dute. Eustatek, ostera, kontrakoa dio: biztanleria aktiboak (+29.400) eta langabetu kopuruak (+15.000) nabarmen egin duela gora eta langabezia tasa 1,2 puntu hazi dela, hain zuzen ere.

Ipar Euskal Herria

Ipar Euskal Herriko langabezia tasa %7,25ekoa da behin behineko datuen arabera, eta urteko azken hiruhilekoan 0,7 puntu apaldu da. Hala ere, Gaindegiak argitu duenez, denboran aurrera egin ahala datu hori berrikusi egin beharko da, besteak beste, osasun larrialdiaren testuinguruan udako sasoian lan egin asmoz ohikoak diren migrazio fluxuak xeheago aztertzeko. Gainera, 2020 urtean Ipar Euskal Herrian enplegu zonalde berriak indarrean dira eta oraindik iturri guztiek ez dituzte horien araberako datuak eskaintzen.

Hauek dira azken urteei buruz Gaindegiak plazaratutako datuak:

Joera orokorra

Joera aldaketa Europa osoan hedatu dela azpimarratu du Gaindegiak. 2020 amaieran langabezia tasa urtebete lehenago baino nabarmen handiagoa da herrialde gehienetan. Europar Batasunean (EB27), esaterako, igoera hori puntu batekoa da. Euskal Herrian, ordea, igoera +1,2 (INE) edo +1,7koa (Eustat) izan da. Urte amaieran soilik Estatu espainarrak (%16,1), Greziak (%15,8) eta Kataluniak (%13,9) dute Euskal Herriak baino langabezia tasa handiagoa.

Lan merkatuari dagokionez, 2020 urtea «ezohiko» urtea izan dela nabarmendu du Gaindegiak: «Azken sei urteko langabezia tasaren apaltze joerari amaiera eman dio. Joera aldaketarako urtea izan da eta egoera langabezia datuek erakusten dutena baino konplexuagoa da». Izan ere, urtean zehar Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteetan (ABEEE) kalteturiko milaka langile landun gisa zenbatu dira.

«Goiz da osasun larrialdiaren albo ondorioak kuantifikatzeko, baina osasun larrialdia mantendu bitartean ziurgabetasunak kontuan hartzekoa izaten jarraituko du», adierazi du Gaindegiak.