INFO

Euskal Encodings proiektuak jaso du Interneteko Argia saria

Euskal Encodings, sarean dagoen euskarazko film eta telesailen biltegirik handienak jasoko du Interneteko Argia saria. Netflix eta Amazon gisako erraldoien aurrean euskal komunitateari euskarazko alternatibak eskaintzea jarri dute balioan.

Euskal Encodings-eko ordezkariek jaso dute saria. (Dani BLANCO)

Sarean dagoen euskarazko film eta telesailen biltegirik handiena da Euskal Encodings. 2003. urtetik auzonalean ari den sareko komunitate irekia ‘Dragoi Bola’-ko atalak euskarara ekartzen hasi zen eta, 18 urteren ostean, euskarazko ikus-entzunezko biltegirik handiena bilakatu da. Bere wengunean 1.500 film inguru dituzte.

Egindako lanagatik, Interneteko Argia saria jasoko du. «Hizkuntza menostu orok ikusgarri izan behar du biziberritzeko. Esparru guztietara zabaldua. Eta XXI. mende honetan gu guztion bizitzan eragin zuzena duen eremu garrantzitsurik bada, hori ikus-entzunezkoen mundua da», adierazi du epaimahaiak, eta galdera bat ere luzatu du: zer egin dezakegu euskaldunok erdara hutsean mintzo diren NetFlix, Amazon, Filmin, HBO erraldoiek edo Youtubeko eta telebistako milaka kateek osatutako armadaren parean? Bada, hasteko, euskaraz sortzen diren film, telesail, marrazki bizidun eta ikus-entzunezko oro sustatu eta munduko euskal komunitate guztiarentzat eskuragarri jarri.

Lan hori egiteagatik saritu dute Euskal Encodings. «Areago, lan horien gehien-gehienek diru publikoari esker sortuak» izanagatik. «Tamalez, begi-bistakoa da lan hori egin beharko lukeena ez dela egoki egiten ari. Eta zorionez, handiak ostrukarena egitean, txiki asko batuta, prest dira ardura hori beren gain hartzeko», jarri dute balioan.