Pablo Hasel rap abeslariari elkartasuna adierazi diote Donostiako Bulebarrean
Donostiako Bulebarrean elkarretaratzea egin dute ostegun honetan, adierazpen askatasunaren alde eta Pablo Hasel rap abeslariari elkartasuna adierazteko.
Piztu Donostiak deituta Bulebarrean egin den elkarretaratzearekin, adierazpen askatasuna aldarrikatu eta Pablo Hasel rap abeslariari elkartasuna adierazi diote. Espainiako Auzitegi Nazionalak espetxean sartzeko agindua eman dio hamar eguneko epean, baina musikariak ez du sententzia onartzen, eta ez da bere kabuz aurkeztuko kartzelara.
Piztu Donostiaren arabera Pablo Haselen kasuak «argi eta garbi erakusten du nolako tresna errepresibo garrantzitsua eta indartsua den Mozal Legea (eta Zigor Kode berria) krisialdi territorialean, ekonomikoan, sozialean eta sanitarioan murgilduta dagoen Estatu espainolarentzat».
Gainera, pandemia garaian protesta sozial zein politikoaren aurkako «jazarpen judiziala nahiz poliziala indartu dela» dio eta, besteak beste, Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarren kasua aipatu du plataformak.
«Kontuan izan behar dugu Mozal Legeak edozertarako aukera ematen diela. Rapa abestea delitua bihur dute, Valtonycek, La Insurgenciak edota Haselek erakutsi duten moduan. Txioak idaztea delitu bihurtu dute Alfredok edo Cesar Strawberryk erakusti duten moduan. Txiste politikoak sarean banatzea ere zigor bihurtu dute, Cassandra Verak erakusti duen moduan. Pailazo sudurra jartzea ere bai, Jordi Pesarrodonaren kasuak erakutsi duen bezala… Muralak egitea, pankartak edo kartelak jartzea, panfletoak banatzea, pegatak itsastea, mobilizatzea… Dena bihurtu dute delito Mozal Legearekin», esan dute Piztu Donostiako kideek.
Poliziaren indarkeria ere salatu dute, eta Nahuel Gomezen –masailezurra hautsi zioten– eta Javi Gomez CCOOko sindikalistaren kasuak gogora ekarrita.
Estatu espainiarrak jendartearen eta eragile sozialen «desmobilizazioa» bilatzen dutela esan du Piztu Donostiak, eta horren aurrean «eskubide zibil eta politikoen aldeko erantzun kolektiboa eta bateratua da artikulatu behar dela» nabarmendu du.