INFO

Real Madril eta Saski Baskonia, antolatzaileen jokoak baldintzaturiko neurketa

Pierria Henry eta Vildoza badira gasteiztarren termometro, Sergi Llull eta Carlos Alocen ere oso ezegonkorrak dira Pablo Lasoren taldean. Joan den astean Zalgirisi irabazi ondoren, Top 8ra hurbiltzeko ahalegina egin behar du Dusko Ivanovicen taldeak, Real Madrilen kantxa gaiztoan bada ere.

Saski Baskoniako antolatzaileek Real Madrilekoak menpean hartu zituzten Euroligako joaneko partidan. (Raul BOGAJO / FOKU)

«Facundo Campazzo gabe, Real Madril igarri ezinezko taldea da. Ez dakizu nondik aterako den». Horra Dusko Ivanovicen diagnosia gasteiztarrak Madrila abiatu aurretik bota duena. Ostiral gauean 21.00etan hasiko da Euroligako 24. jardunaldiaren azkenengo norgehiagoka, madrildarren eta TD systems Baskoniaren artean.

Begiratu baten Real Madril da faborito. Batetik, etxean jokatzen duelako, eta bestetik, sailkapenari so eginez gero, Pablo Lasorenak laugarren postuan doaz 15-8ko balantzearekin, Saski Baskoniak 10-13koa duen bitartean –eta pozik, joan zen astean Zalgirisi irabazi eta gero lau porroten segida eten zuelako–, hamahirugarren lekuan.

Alabaina, antolatzaileen jokoak baldintzatuko du ostiral gaueko dema. Facundo Campazzo eta Nico Laprovittola ziren izatez Real Madrileko antolatzaileak, baina «Facu» aspaldi joan zen NBAra eta Laprovittola, berriz, covid-19ak jota dago uneotan. Hala, Real Madrilen jokoa Sergi Llull eta Carlos Alocenen artean eraman behar dute; hau da, antolatzaile baino eskolta gisa gusturago sentitzen den jokalari bat –Llull, alegia– eta abenduaren 30ean 20 urte bete zituen Alocen gaztea –Euroligan debutaria–.

Horrez gain, ez da ahaztu behar aurtengo Euroligako aurreneko jardunaldian Baskoniak erraz irabazi ziola Real Madrili, 76-63, Pierria Henry eta Luca Vildozaren bitartez batez ere –Virginiako antolatzaileak 23 puntu sartu eta 6 asistenzia banatu zituen, estarako–. Ondorioz, sailkapenak dioena baino partida estuagoa espero behar da WIZink Center pabilioian eta hori gutxi balitz, Baskoniak Top 8ra hurbiltzeko askoz motibazio handiagoa erakutsi beharko luke Pablo Lasoren taldeak baino.

«Arazoak arazo, hazten ari den taldea da Real Madril», ohartarazi du dena den Dusko Ivanovicek. «Diziplina handiko taldea da, baina lehen zena baino zailagoa igartzen nondik aterako den. Campazzo ez dagoenetik, askoz jokalari gehiagok erantzunkizuna hartzen dute eta lehen baino joko kolektiboagoa egiten dutela esango nuke», gaineratu du Montenegroko entrenatzaileak.

Bestalde, dirua sobera duela baliatuz, Madrilgo taldeak azken asteotan Alex Tyus, Maccabiko jokalari ohia, fitxatu du Anthony Randolph lesionatu ostean, eta badirudi jokalari estatubatuarra ongi ari dela egokitzen Pablo Lasok nahi duen horretara.

Elkarrekin hobetzen

Real Madril hazten ari omen den arren, ezin da gutxiago esan Saski Baskoniari buruz. Tadas Sedekerskis hegalekoa da gehien hazten ari den jokalarietako bat.

«Orain hobeto ari gara. Entrenatzaileak sarri esaten digu elkarrekin eutsi behar diogula uneoro eta egiten dugun horretan sinestu behar dugula. Denboraldi osoa elkarrekin lanean dihardugu eta nik uste bide onean goazela», baieztatu du hegaleko lituaniarrak.

«Defentsa eta kontzentrazioa» ei dira Ivanovicen aburuz gaur gauean irabazteko ezinbesteko betebeharrak, eta domekatik hona partidarik jokatu beharrik ez duelako izan, «partida ongi prestatzeko astia» izan du talde gasteiztarrak; ez ordea Real Madrilek, astelehenean UCAM Murtziaren aurka jokatu behar izan baitzuen aurrez atzeraturiko ACB Ligako partida.

«Errespetu handia diogu Baskoniari», azaldu du, azkenik, Pablo Lasok. «Posizio bat baino gehiagotan emaitza onak ematen dituzten jokalariak ditu; ‘pick'n rolla’ bikain jokatzen duten jokalariak ditu ere, Dragic, Henry edo Vildoza kasu, edo Polonara Giedraitis eta Peters bezalako jaurtitzaile bikainak. Kantxara salto egiten dugun mementotik aurrera prest eta gogor jardun beharko dugu», amaitu du entrenatzaile gasteiztarrak.