INFO

Sortzez hazpandarra zen Richard Aujard, artisten potreta egile ospetsua, zendu da

Monicca Bellucci, Eric Cantona, Mike Tyson, Mickey Rourke… Kirol, zinema eta musika alorreko izen ospetsuen erretratu egile izateaz gain berdin motor zaleen bandak zein herri autoktonoak kamerarekin betikotu zituen Richard Aujard argazkilari hazpandarra zendu da.

Richard Aujard argazki tresna eskuetan. (Jean-Marie MARION / Parisbazaar.fr)

Iaz ireki zuen Richard Aujard argazkilariak bere kontua instagramen, bere emaztea zenak emandako aholkuari jarraituz, eta Elza Steyaert berak eman du sare sozial horretan, otsailaren 2an, argazkilari eta zinemagilearen heriotzaren berri.

Eric Cantona futbolari ohia, Béatrice Dalle aktorea, Joey Starr rap abeslaria... bata bestearen ostean bere kamerarekin topo egin zuten artista askok dolumin mezuak sareatu dituzte azken ordu hauetan.

ParisBazaar-ek iazko irailean Richard Aujardi eskaini zion potreta-elkarrizketa batek sortzez hazpandarra zen argazkilariaren ibilbide oparoa agerian jarri zuen.

Argazkilariaren biografia irakurrita, izen ospetsuen galeria agertzen da. Handik aurrera munduko periferietan bizi diren pertsonaia anonimoak kameraren bidez aurkezteko grina azaltzen da baitaere.

Monicca Bellucci, Mike Tyson, Mickey Rourke eta beste izar asko bere kameraren aurrean jarri zituen Aujardek. Edonola ere, artisten argazkilaria izanik ere lan eremu askoz zabalagoa jorratu zuen.

Zehazki Hazparren sortu zen 16 urterekin Frantzia mailako moto cross txapeldun bilakatu zen Richard Aujard. Bere bizitza osoan zehar kamera eta motorra bere lagun hurbilak bilakatuko ziren.

Hazparnetik Normandiara bizitzera joan zen eta handik Parisera egin zuen jauzi.

19 urterekin "Vogue" aldizkariaren estudioan lanean hasi zen laguntzaile gisa.

Top-modelen urrezko garaiaren lekuko izan zen. Are, Cindy Crawford-en desfile batekin hasi zen bere lana Pariseko moda pasareletan.

Handik aurrera Naomi Campbell, Carla Bruni, Monica Belluci, Karen Mulder... punta puntako modeloen argazkiak hartu zituen Aujardek.

Moda munduan etorkizun oparoa izanik ere, bere motxila hartu eta mundua arakatzeko hautua egin zuen.

Australiara bizitzera joan eta «Comancheros» izenarekin ezagutu zen banda istilutsua jarri zuen kamararen aitzinean.

Mundu osoko aldizkariek jaso zuten bere argazki bilduma eta horri esker bere ibilbide profesionalak abiadura berria hartu zuen.

Ezinbestean moto zale ospatsuenek berak erretatatzea eskatzen zuten. Garai horretan Mickey Rourke aktorearekin arnasa luzeko elkarlanari ekin zion.

Beste behin ere eroso zitzaion eremuan gelditu ordez mugak haustera jo zuen 2005ean egin zioten elkarrizketa batean «Euskadin sortua naiz eta maite dut bertara maiz itzultzea», aitortu zuen artistak.

Herri autoktonoen potreta egilea

Ameriketako herri autoktonoei buruzko album anitz egin zituen. Munduaren beste aldera begiratuz urbanizazio azkarraren garaian Mongoliako nomadek bizi izan duten bizimodu aldaketa bortitza islatu zuen beste album batean.

Haitik pairatu zuen lurrikara suntsitzailearen lekuko izan zen Aujard eta bertan hartu dituen argazkiek ezagunago eta are errespetatuago bilakatu zuten prentsa munduan.

Boxearen zale amorratua Las Vegaseko Caesar Palacen Myke Tyson edo Evander Holyfield kirolari ospetsuen argazkiak egin zituen.

Hain zuzen boxeoaren giroan murgildu zen  “The Raging Bull” izeneko bere lehenengo laburmetraia egiteko orduan. Bere bigarren lana “Vendetta” hartu zuen izenburu.

Aujarden heriotzak ezustean hartu ditu berarekin urte luzetan lan egin zituzten lagunak. «Anai bat galdu dut», idatzi du Joey Starr rap abeslari ospetsuak sare sozialetan.

"Question d'honneur" eta "Only The Strong Will Survive" filmetan berarekin lan egin zuen Eric Cantonak, berriz, bere «lagun handiarekin» agertzen den zuri-beltzezko argazkia zintzilikatu du bere instagram kontuan.