INFO

Marina Lameirok Berri Txarraken azken biran filmatutako dokumentala martxoan estreinatuko da

Martxoaren 19an estreinatuko da zinema aretoetan Marina Lameiro zinemagileak Berri Txarrak taldearen azken biran filmatutako ‘Dardara’ dokumentala. Bertan, Lekunberriko taldeak «utzitako arrastoa» ikusiko ahalko da.

This browser does not support the video element.


‘Dardara’, Nafarroako Marina Lameiro zinemagilearen bigarren film luzea, 2021eko martxoaren 19an iritsiko da zinema aretoetara. Berri Txarrak taldearen azken biran filmatutako pelikula dokumentala da. Aurretik, martxoaren 15ean, Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiaren 15. edizioa zabalduko du filmak.

2019an bere 25 urteko ibilbidearen une gorenean, Berri Txarrakek etenaldi mugagabea iragarri zuen baita urte osoa iraungo zuen Ikusi Arte bira ere, zeinaren bitartez mundu osoko agertokietan aritu baitziren. Marina Lameiro zinegileak bertatik bertara jarraitu zuen bira eta bertan jasotakoak ekarri ditu ‘Dardara’ film luzera.

Munduko hainbat tokitan bizi diren zaleen istorioetatik abiatuta, Lameirok erretratu koral bat egin du. Filmean Berri Txarrakek «utzitako arrastoa» ikusiko ahalko da, «nola lortu duten estilo bat , hizkuntza bat eta belaunaldi bat gaindituz, fenomeno unibertsal bihurtzea».

25 urtean taldeko konposatzaile, gitarra-jole eta ahotsa izan ondoren, etorkizun ezezagun bati aurre egin behar dion Gorka Urbizuren letren eta gogoeten bidez egiten du aurrera dokumentalak. Pasioari buruzko filma da, bai Urbizuk sortzaile gisa bai Berri Txarraken zaleek taldearekiko erakusten duten pasioari buruzkoa.

Marina Lameirorenak dira gidoia, zuzendaritza eta argazkia. Ekoizpenaren diseinua Itziar Garcia Zubirik sinatzen du. Muntaia, Diana Toucedok. Ekoizpen exekutiboa Pablo Iraburu eta Igor Otxoaren ardurapekoa izan da. Nuria Perez Martinezek koordinatu du Miguel García Irabururen posprodukzioa. alvaro Garcia Echeverria arduratu da diseinu grafikoaz. Iosu Gonzalezek soinua editatu eta nahastu du. Mikel Santosek taldearen zuzenekoen soinuen nahasketak egin ditu.  

‘Dardara’ Arena Comunicacion eta Txalap.art-en ekoizpena da, Only in Dreams-ekin lankidetzan. EiTB media partaide gisa ageri da. Filmak Nafarroako Gobernuaren Generazinemaren, Caja Navarra Fundazioaren eta La Caixa Fundazioaren Innova-Cultural programaren eta Etxepare Institutuaren laguntzak jaso ditu. Atera Films arduratuko da banaketaz.