INFO

Partida garrantzitsua asteburuan Lauburu Ibarrarentzat

Areto futboleko 2.B maila nazionalean lehiatzen ari da Lauburu Ibarra taldea. Asteburu honetan atseden zuten arren, atzeratutako partida jokatuko dute Zierbenaren aurka. Partida garrantzitsua Ibarrako taldearentzat, lehen postua hiru puntutara baitute.

Lauburu Ibarra eta Zierbenaren arteko partida. / (lauburuke.com)

This browser does not support the audio element.


Garrantzi handiko partida asteburu honetan Lauburu Ibarra areto futboleko taldearentzat. 2.B maila nazionalean ari dira lehiatzen gipuzkoarrak, eta hiru puntutara dute sailkapeneko lehen postua. Izatez, atsedena zuten asteburu honetan, baina pandemia dela eta, hainbat partida atzeratuak izan direnez, horietako bat berreskuratuko dute asteburuan, Zierbenaren aurkakoa, hain zuzen. Hitzordu garrantzitsu honen atarian, NAIZ irratian izan dugu Xabi Juaristi Lauburu Ibarrako jokalaria.

Juaristik azaldu duenez, lehengo astean ere Zierbenaren aurka jokatu zuten, baina pandemia dela eta, aste honetan ere beraien aurka jokatzea egokitu zaie, 3. jardunaldian atzeratua izan zen partida. «Aurkari gogorra» dela onartu du Juaristik, urte asko daramatzatela kategoria honetan. «Aurreko astean erraz irabazi genien arren, partida batetik bestera gauzak asko aldatzen dira, ondorioz, astean zehar lanean gogor ibili gara larunbatean hiru puntuak lortzeko», dio Lauburu Ibarrako jokalariak.

Bestetik, taldearen dinamikari dagokionez, gabonetan «bajoi txiki bat» izan zuten arren, eta partidu pilaketen harira «atseden falta» ere nabaritu duten arren, azkenaldian dinamika ona berreskuratzen hasi direla baieztatu du Juaristik.

Lauburu Ibarra, 2.B maila nazionaleko bigarren taldean kokatzen da, baina aurten, egoerak hala behartuta, bigarren talde hau ere bi azpitaldetan banatu behar izan dute. Juaristik azalduta, «bi azpitalde horietako lehen lauak hurrengo faserako sailkatzen dira, eta bigarren fase horretan, 2. mailarako play off-ak jokatuko lirateke». Lauburu Ibarrako jokalariak gaineratu du, beraien helburua lehen lau postu horietan sailkatzea dela, eta ondoren, bigarren fase horretan sartzea lortuko balute, ahal den partida gehien irabazi eta lehen postuetan gertu ibiltzea.

Pandemia

Pandemiaren eraginari dagokionez, gestio aldetik bere zailtasunak dituela onartu arren, nahiko ondo moldatzen ari direla azaldu du Juaristik, «batez ere zuzendaritzaren lan itzelari esker». Gaineratu du, pribilegio handia dela beraientzat jokatu ahal izatea, beste kategoria askotan ez baitute horretarako aukerarik. Bestetik, antigeno testak «astero» egiten dituztela eman du jakitera Juaristik.

Areto futbola Euskal Herrian

Azkenik, euskal areto futbolaren panorama hizpide hartuta, lehen mailan jokatzen ari diren Xota eta Rivera Navarra kenduta, euskal talde batekin topatzeko, bigarren B mailara joan beharko ginatekeela azaldu du Lauburu Ibarrako jokalariak. Hala ere, Juaristik azpimarratu du, tolosaldean, azken urteetan «bultzada nabarmena» izan duela areto futbolak. «Tolosaldean, Ibarran Lauburu eta Tolosan Laskorain, bi taldeak kategoria berdinean gaude», gaineratu du.