Emakumeen eta gazteen iraultzak talka egiten du herrialde katoliko atzeratuarekin
Abortatzeko eskubidearen defentsan emakumeek abiarazitako matxinadari gazteak gehitu zaizkio eta aldarrikapenak gero eta globalagoak dira, justiziaren independentzia barne. Hala ere, iraultza honek katolikoa eta oso-oso kontserbadorea den gehiengo isila du aurrean.
Ehunka mila poloniar atera dira kalera azken hilabeteetan eta egunotan, abortuaren eta oro har emakumearen eskubideak defendatzeko, aldarrikapen gero eta zabalagoak eta politikoagoak dituzten protestetan. Baina herrialdea oso katolikoa da eta «gehiengo isilak» ez ditu inolaz ere eskubide horiek onartzen.
Inkesten arabera, poloniar gehienak bat datoz herrialdeak abortatzeko eskubideari buruz duen legeriarekin, Europan zorrotzenetarikoa eta ezkorrena bada ere. Edo hala delako.
Komunismoaren erorketaren ostean, Eliza katolikoa eta Estatua konpromiso batera iritsi ziren –konpromisoa baino gehiago, Estatuaren lagatzea– eta abortuaren aurkako legea onartu zuten 1993an.
Malformazio larriekin ere ez
Lege horrek emakumeari abortatzeko eskubidea ukatzen dio, salbuespen batzuekin: bortxaketaren edo intzestuaren ostean haurdun gelditzen bada, emakumearen osasuna arriskuan badago eta fetuari malformazio larria atzematen bazaio.
Auzitegi Konstituzionalak atzera bota zuen joan den urrian azken salbuespena, malformazioarena, Poloniako Konstituzioarekin bat ez datorrela ziurtatuz.
Ebazpenean, jaio ez den haur batek bizitzeko eskubidea duela aldarrikatzen du auzitegiak, eta gaur egun fetuaren malformazioak ekiditeko tratamenduak badaudela ziurtatzen du.
Erabaki horrek hautsak harritu zituen eta Polonia osoan jendea atera zen kalera legeriaren atzerapauso horren kontra eta abortatzeko eskubidearen alde.
Azken egunetan manifestazioak daude egunero, joan den asteazkenean Konstituzionalak ebazpena kaleratu eta Legea eta Justizia (PiS) izeneko alderdi ultrakontserbadorearen gobernuak aldizkari ofizialean publikatu zuenetik. Izan ere, ordutik indarrean da lege murrizketa berria.
PiS alderdiaren diputatu talde batek ahalbidetu duen Konstituzionalaren ebazpenak praktikan abortatzeko eskubidea debekatzen du. Urtero 2.000 «legezko» abortu inguru egiten dira Polonian eta horietatik %98 fetuaren malformazioak baimentzen zituen orain arte.
Emakumeen eskubidearen alde lan egiten duten erakundeen arabera, urtero 200.000 emakumek legez kanpo abortatzen dute, Polonian bertan –askotan osasuna arriskuan jarriz eta denetan zigorren mehatxupean– edo Poloniatik kanpo –horretarako behar den dirutzarekin–.
Adam Szostkiewicz politika esataria eta erlijio gizona da, eta onartzen duen arren «batez ere belaunaldi gaztearen mobilizazio izugarria» ikusten ari garela eta gazteen artean handiagoa dela abortuaren inguruan lege liberalago baten aldeko jarrera, «ez da inolaz ere gehiengoa».
«Gehiengoa isilik egon da azken urteetan, eta zera uste dute: Elizak hala esaten badu eta politikariek legea zalantzan jartzen ez badute, orduan dena ongi dago, behar duen moduan».
2020. urte bukaeran Kantar Institutuak kaleratu zuen ikerketa baten arabera, poloniarren %22 baino ez daude emakumeak hala eskatzen badu abortatzeko eskubide osoa izatearen alde. %62k kasu batzuetan bakarrik onartzen dute. Guztiz legez kanpo utzi behar dela aldarrikatzen dutenak %11 dira.
Sexu iraultzarik ez
Katarzyna Zielinska soziologoak gogora ekartzen duenez, «poloniarrok batez ere oso erlijiosoak gara. Eta nahiko kontserbadoreak, emakumearen, gizonaren eta familiaren eginkizunei buruz ikuspegi oso kontserbadore bati lotuak».
Aditu honen iritziz, oso esanguratsua da Europako eta munduko beste herrialde askorekin alderatuta, Polonian ez zela sexu iraultzarik gertatu. «Aitzitik, guk erlijioaren gaurkotzea bizi izan genuen, batez ere erregimen komunistaren aurkako mobilizazioa erlijioarekin lotzen zelako».
Sobietar Batasunaren magal estuan «sozialismo erreala» zeritzona Polonian indarrean zegoenean, abortatzeko eskubideari buruz lege oso liberala zegoen indarrean eta, antisorgailuak oso eskasak eta batzuetan eraginik gabekoak zirela kontuan hartuta, emakume andanak abortatzen zuen.
Inga Koralewska soziologoarekin jarraituz, orduko gobernuak 1956an jarri zuen indarrean abortuaren lege liberala, baina ez feminismoa maite zuelako edo emakumeen eskubideak buruan zituelako, joko politiko hutsagatik baizik. «Elizari zaplazteko bat ematea zuen helburu, Poloniako nortasunaren ardatza zelako eta oposizio demokrata babesten zuelako».
Ezin da ahaztu 1956an bertan izan zela, hain zuzen, Sobietar Batasunaren eta Varsoviako erregimen estalinistaren aurkako herri altxamendua.
Komunismoaren porrotaren inguruan, Estatuak hondoa jo zuen eta indarrean zegoen Eliza katolikoa zuen aurrean. Horrela, bada, hierarkia katolikoak zeresan handia izan zuen egungo abortuaren legerian.
Asmoak asmo, egia da komunismoaren garaian poloniarrek ikuspegi askozaz zabalagoa zutela abortuari buruz.
Nolatan gertatu zen, beraz, horrelako aldaketa sistema erori zenean?
Adituek hainbat arrazoi aipatzen dituzte. Alde batetik, legeak jendearen jarrera moldatzen duela gogoratzen dute, baina agian erabakigarriena izan zen klase politiko guztiak, ezkerra tartean, ez ziola inolaz ere gaiari heldu nahi izan, Eliza katolikoak bere hautesleria kontra botako zielako beldurrez.
Aldaketa dator
Egoera aldatzen hasi zen 2016an. Orduan ekin zion PiS alderdiaren gobernuak legea murrizteko saiakerari eta jendea kalera atera eta emakume askok abortatu zutela azaltzen eta aldarrikatzen hasi ziren.
Szostkiewicz politika esatariaren iritziz, «aipagarriena zera da, talde liberalaren erradikalizazioa. Gehiengo isilaren aurrean eta Elizak beren aferetan esku sartzearekin kokoteraino daudela ondorioztatu dute eta haserrea kaleetan erakusten dute».
Zer gertatuko da, haren iritziz? «Talde hau indartu egingo da eta epe luzera iritzi publikoan eragina izango du, dudarik gabe. Epe motzera edo gertuko etorkizunean? Inork ez daki», ondorioztatu du erlijiosoak.
Protesta bultzatzen dutenak ziur dira dagoeneko jendearengan aldaketa gauzatu dela eta denbora kontua baino ez dela egoera berria indarrean dagoela ikusteko.
Pablo Gonzalez GARAko kolaboratzaileak Efe agentziara bidali zuen erreportaje batean ageri denez, badakite lan asko egin beharko dutela oraindik auzia eskubide kontua dela ohartzen ez direnak konbentzitzeko.
Gurutze Santuaren elizaren atarian dago abortuaren aurka dagoen taldetxo bat, Varsoviako erdialdean. «¡Satan, alde hemendik!», garrasi egiten dute abortuaren aldeko pankartak eta ostadar ikurrak erakusten dituen jendetzaren aurrean.
«Maria noren alde?»
Polizia lerroak banatzen ditu bi taldeak baina ez dira eliza «babesten» dutenak hitz egiten duten bakarrak. «Maria gure alde egongo zen», erantzuten diete.
Poloniak bizi duen zatiketa begi bistan dago, baina Gobernuaren aurkako mobilizazioetan bide batez batasuna da nagusi eta horrek berebiziko indarra ematen dio.
Talde feministak eta LGTBI taldeak bata bestearen ondoan daude. Plataforma liberalak, Varsoviako alkatea den Rafal Trzaskowskik zuzentzen duen oposizioko lehen indarrak, ez du inolako arazorik ezkerreko alderdiekin batera kalera irteteko.
Umore ona ere ez da falta. Aurreko astean, poliziaren probokazioetan erori ez eta ehunka manifestari dantzan hasi ziren Jaroslaw Kaczynski PiSeko buruzagiaren etxe aurrean.
Jaroslaw Kaczynski bera baita itzalean den baina benetako Poloniako presidentea eta Auzitegi Konstituzionalean murrizketa gehiago onartzeko helegitea bultzatu zuena.
Egungo hauek Poloniak azken 30 urteetan, 1989an komunismoaren aurka bizi izan zituenetik, ezagutu dituen protestarik handienak dira. Milioi erditik gora izan dira manifestariak. Herrialdeak 39 milioi biztanle ditu.
Abortuaz harago, 2016an hasi ziren mobilizazioek jomugan dute, halaber, Gobernuak sistema judizialaren independentziaren aurka egindako erasoa.
PiS alderdia betidanik oso azkarra izan da etsaiak seinalatzeko, bere jarraitzaileak ondoan mantentzeko. 2015ean Siriako errefuxiatuak izan ziren, gero LGTBI kolektiboa, hurrengoan feministak.
Hala ere, horrek arriskua dakar: arlo desberdinetan haserre daudenak bildu egiten ditu eta bakoitzak bere egiten ditu besteen aldarrikapenak: giza eskubideak, abortua, demokrazia…
Hasieran ez zen horrela: emakume asko ez ziren kalera atera LGTBI kolektiboaren edo sistema judizialaren aldeko protestetan. «Emakumeek lan asko egiten dute. Poloniako BPGaren %30 sortzen dute eta ez dute sosik ere irabazten. Etxean eta kanpoan lan egiten dugu, haurrak zaindu. Gure bizitza gizonezkoena baino gogorragoa da. Baina nahikoa da, marra gorri guztiak gainditu dituzte eta kalera atera gara», dio Magdalena Zagalkowiczek. Varsovian gizarte langilea da bera. Beste berezitasun bat gehitzen du aldaketa azaltzeko. «Duela lau urte 70eko hamarkadan jaio zirenak atera ziren kalera. Gazte jendea ez zegoen horretarako. Orain hazi egin dira eta planto egin dute».
«Netflixen hazten dira»
Gobernuan kezkatuta daude gazteek ez dituztelako bere egiten ideia ultrakontserbadoreak. «Netflixen hazten dira», salatu du PiSeko diputatua den Marcin Horalak.
Klementyna Suchanov Strajk Kobiet (Emakumeen Greba) erakundearen bozeramailea dugu (ikusi ondoko elkarrizketa) eta argi du belaunaldi aldaketaren ataurrean gaudela. «Lehen jende nagusiagoa ateratzen zen kalera, 70 eta 80ko hamarkadetako protesten aldarrikapenak ditu buruan, demokrazia, lan duina, seme-alaben heziketa…»
«Orain gazteek ez dute inolako arazorik LGTBI kolektiboa babesteko, emakumeen eskubideak aldarrikatzeko. Poloniarrak dira eta ez daude eroso inguru ultrakontserbadore honetan. Europar Batasunean jaio ziren eta herrialdea aldatu nahi dute», gaineratu du.
Hubert Sobiecki «Milosc Nie Wyklucza» (Amodioak ez du diskriminatzen) LGTBI kolektiboaren eskubideen alde lan egiten duen taldeko bozeramailea bat dator. «Belaunaldi berriarentzat lehen protestak dira, etxetik irteteko lehen aukera eta gauzak aldatzeko lehen saiakera. Axolagabekeria izugarri honetatik ateratzeko aukera, gauzak alda daitezkeelako seinale».
Baina Sobieckik beste arrazoi bat du egungo protestak askozaz zabalagoak zergatik diren azaltzeko: emakumeak duen jarrera toleranteagoa.
«Inkesta guztiek, eta ez bakarrik Polonian, joera bera erakusten dute: mundua ulertzeko orduan planeta desberdinetan bizi dira emakumeak eta gizonezkoak. Lehenak besteari ulertzeko prest daude eta gauzak adosteko gai dira. Gizonezkoek lehiakortasuna dute buruan, gizartean duten paperaren ikuspegi estereotipatua».
Horrela ba, belaunaldi berrien indarrak eta emakumea bere buruaren eta eskubideen jabe izateko grinak bildu egin dira Poloniako «gehiengo isila» isilarazi eta herrialde berri bat posible dela erakusteko.