INFO

AHTren lanen ondorioz Donostiako Erbetegiko bizilagunak kaleratuko dituztela salatu dute

Donostiako Erbetegi dorretxeko bizilagunek jaso dituzte dagoeneko etxebizitzak husteko aginduak, AHT gauzatzeko obren ondotik. «Bizilagunak beren etxeetatik kaleratzera doaz, interes orokorraren izenean gutxi batzuen diru gose aseezinari men eginez», salatu dute.

AHTaren aurkako mezua.

Astigarraga-Lezo AHTren proiektuaren aurkako herri ekimenak Erbetegi dorretxeko bizilagunen etxegabetzea salatu du ohar baten bidez. Jakinarazi dutenez, lanen argudiopean, «ondare izaera duen Erbetegi etxeko bizilagun guztiak kaleratu eta eraikina eraistera doaz».

Adierazi dutenez, bizilagunek jaso dituzte dagoeneko etxebizitzak husteko aginduak. Eneko Goia, Arantxa Tapia, Iñaki Arriola eta EAJ egin dituzte erantzule. «Bizilagunak beren etxeetatik kaleratzera doaz, interes orokorraren izenean gutxi batzuen diru gose aseezinari men eginez».

«Bost axola hauei bertakoen bizi proiektu eta ibilbideak», gaineratu dute. Azpimarratu dutenez, inguruko baratze lurrak ere «porlan azpian hartzen ari dira, Gipuzkoako nekazaritza-eremu onenetarikoa izan den Martuteneko ibarraren suntsiketa azkeneraino eramanez».

Hori dela-eta, Astigarraga-Lezo AHTren proiektuaren aurkako herri ekimenak «elkartasun osoa» adierazi die bertako bizilagunei. «Bertan irauteko ahalegin guztiak egin dituzte, erakundeen mespretxua eta komunikabideen isiltasuna besterik ez jasoaz», salatu dute.

Zentzu horretan, «ondasun kolektiboak eta norbanakoen eskubideak urratzen dituen gehiegikeria eta bidegabekeria instituzional» bat bezala definitu dute desjabetzea. «Gizarte arloko premia atzeraezin eta lehentasunezkoen kaltetan AHT bezalako azpiegitura-lan handietan egiten den etengabeko diru xahuketa etetea eta proiektu honen aurka aitzea eta bere geldiarazpena aldarrikatzea ezinbesteko dira», nabarmendu dute.