INFO

EAEko Auzitegiaren erabakiaren zain, ostalariek elkarretaratzea egin dute

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak gaur erabakiko du gune gorrian dauden udalerrietan taberna eta jatetxeak ixteko agintzen duen dekretuaren aurkako helegitearen inguruan. Horren zain, hamarnaka ostalarik elkartu dira Bilbon, auzitegiaren egoitzaren aurrean.

Bizkaiko ostalariak, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren egoitzaren aurrean. (FOKU)

EAEko Auzitegi Nagusiaren egoitzaren atarian, Bilbon, elkartuta daude hamarnaka ostalari gaur goizeko 9.00ak geroztik, auzitegi horren erabakiaren zain. Izan ere, Lakuako Gobernuak eremu gorrian dauden herrietan tabernak eta jatetxeak ixtea agintzen zuen lehendakariaren dekretua bertan behera uzteko eskatuz helegitea aurkeztu zuten Gipuzko, Bizkai eta Arabako ostalariek, eta gaur kaleratuko du auzitegiak horren inguruko ebazpena.

Kontzentrazio zaratatsua egin dute ostalariek, turuta eta txilibituekin, eta «birusa ez dago gure lokaletan», «zuk ixten banauzu, zuk ordaindu» edo «tabernarik gabe ez dago bizitzarik» leloak zituzten kartelak eta pankartak eskutan zituztela. 

Auzitegi Nagusian ostalariek jarri zuten helegiteari alegazioak aurkeztu zizkion atzo Lakuako Gobernuak, hamalau egunetan 100.000 biztanleko 500 koronabirus kasu baino gehiago dituzten udalerrietan tabernak eta jatetxeak ixteko erabakia defendatzeko. Neurri hori kutsatzeak murrizteko beharrezkoa dela uste du Urkulluren Gobernuak.

Epaitegiak gaur neurri hori buruzko erabakia bakarrik jakinaraziko du, baina ez da sakoneko auzian sartuko, horretarako denbora gehiago hartuko dute epaileek.

Ostalarien iritziz, auzitegiak arrazoia eman beharko lieke, baina «zalantzak» dituzte hori horrela izango ote den. Izan ere, Lakuako Gobernuak eta beste erakunde batzuek «presio gehiegi» egiten dutela uste dute. Halaxe esan du Txema Larrea Bilboko Tabernariak elkarteko lehendakariak goizeko elkarretaratzean.