INFO

Gipuzkoako nagusien egoitzetan aste honetan amaituko dute txertaketa prozesua

Aste honetan amaituko dute txertaketa prozesua Gipuzkoako nagusien egoitzetan, Aldundiko eledun Eider Mendozak jakitera eman duenez. Aretxabaletako Debagoiena eta Donostiako Txara I egoitzak izanen dira azkenak, prozesua beranduago hasi zutelako koronabirus kasuak izan zituztelako.

Nafarroako osasun zerbitzuetako pertsonalari koronabirusaren aurkako txertoa jartzen. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Gipuzkoako nagusien egoitzetan aste honetan amaituko dute egoiliarrei eta langileei covid-19aren aurkako txertoa jartzeko prozesua. Aretxabaletako Debagoiena eta Donostiako Txara I egoitzak izango dira azkenak. Izan ere, bietan prozesua beranduago hasi zien bertan koronabirusaren bi agerraldi izan zituztelako.

Gipuzkoako Aldundiko eledun Eider Mendozak azaldu duenez nagusien egoitzetako txertaketa prozesua «normaltasun osoz» egin da. Honekin batera, egoitzetako egoera «objektiboki ona» dela gaineratu. Dena den, immunitate osoa txertoaren bigarren dosia jaso eta zazpi edo hamar egunetara lortzen dela gogoratu du. Horregatik, zuhurtziaz lan egiten jarraitzeko beharra nabarmendu du.

«Berri onak dira, batez ere egoiliarrentzat, langileentzat eta familientzat», gaineratu du Mendozak. Aldundia Osakidetzako epidemiologia adituekin lanean dagoela azaldu du, «egoera berrira heltzen garenean protokoloak moldatu ahal izateko».

Une hauetan Gipuzkoako nagusien egoitzetako egoiliarren artean 22 positibo daude: hiru Irungo Gurutze Gorrian, hamaika Donostiako Bermingham egoitzan, hiru Irungo Inmaculadan eta bost Tolosako Iurreamendin.

Hauetatik, hamabost Eibarko Ospitaleko solairu sozialean eta Ordiziako San Jose zentroan daude. Bertan, covid-19an positibo eman duten egoiliarrak artatzen dira.