INFO

Gasteizko Udaltzaingoak patinete elektrikoen 24 erabiltzaile salatu ditu astebetean

Gasteizko Udalak azaldu duenez, espaloietatik eta oinezkoen guneetatik patinete elektrikoz zirkulatzeko debekua aplikatu den lehen astean, Udaltzaingoak 24 patinete-erabiltzaile salatu ditu.

Pertsona bat patinete elektriko batean, Iruñean, informazio honekin zerikusirik ez duen argazkian. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Gasteizko Udaltzaingoak patinete elektrikoen 24 erabiltzaile salatu ditu espaloietatik eta oinezkoen guneetatik zirkulatzeko debekua aplikatu den lehen astean, hau da, otsailaren 2tik 8ra bitartean.

Urtarrilaren 2an sartu zen indarrean patinete elektrikoen zirkulazioa mugatzeko Trafiko Zuzendaritza Nagusiak emandako errege dekretua. Urtarrilean zehar, udaltzainek araudi berriaz ohartarazi zituzten erabiltzaileak, eta otsailaren 2an hasi ziren arau-hausteak zigortzen.

Bada, otsailaren 2tik 8ra bitartean egindako 24 salaketak honela banatu dira: 13, espaloitik eta oinezkoen alderdietatik zirkulatzeagatik; hiru, patinete batean pertsona bat baino gehiago joategatik; bina, zirkulatzean mugikorra erabiltzeagatik, 1.000 wattetik gorako patinetea matrikulatu gabe eramateagatik eta kontrako noranzkoan joateagatik; eta bana, entzungailuak jantzita zirkulatzeagatik, alkohol eta droga tasa gainditzeagatik eta semaforo gorria ez errespetatzeagatik.

Marian Gutierrez Herritarren Segurtasunaren zinegotziak eman ditu datuok asteazken honetako udal batzordean. Orobat jakinarazi du datorren astean informazio kanpaina bat egingo dela tokiko hedabideetan, patineteentzako arau berriak gogorarazteko.

Une honetan, Gasteizko Udala mugikortasunari buruzko ordenantza berria lantzen ari da, espainiar estatuko araudian jasota ez dauden alderdiak erregulatzeko.