INFO

1981eko otsaila, torturaren hotzikarak kaleak berotu zituenekoa

Lekukotasun gordin bat lehenik, espetxetik helduta; argazki ikaragarri batzuk gero, Joxe Arregiren gorpuarenak; samina eta amorrua nahasturik ondoren, greba orokorrean islaturik. Argazki hauek laburbiltzen dute hilketak eragin zuena, duela 40 urte.


Ostirala zen 1981. urteko otsailaren 13 hura. Arratsaldeko lehen orduan heldu zen albiste iluna Madriletik: komisaldegian hamar egun inkomunikaturik zeramatzan Joxe Arregi hilik zen. Ordurako berarekin atxiloturiko Isidro Etxabek torturatua izaten ari zela jakinarazia zion Iñaki Esnaola abokatuari. Oso azkar hedatu zen albistea: Gasteizeko Legebiltzarreko osoko bilkura bertan behera utzi zuten, Alfonso Sastrek bere «madarikatuak» famatua helarazi zien torturatzaile eta tortura babesten zutenei.

Astinduari ikara erantsiko zitzaion laster, bi kolpetan. Lehena, larunbat gauean: gutun bat heldu zen ‘Egin’era, Carabancheleko espetxeko erietxean ziren hiru presoek sinaturik, tartean hil berri den Iñaki Agirre Errazkin eibartarrak. Bertan zehatz-mehatz kontatzen zuten Arregiri ikusi eta entzun zioten azkena. Esaldi bat gailentzen zen guztien artean, bere ahotik ateraratakoa, bere azken orduen laburpen gisa: «Oso latza izan da».

Lehenengo protestak hasi ziren kaleetan eta greba orokorrerako deia egin zen, astelehenerako. Jarraipen handia izan zuen. ‘Egin’ek 20.000 lagun zenbatu zituen Donostiako manifestazioan. ETAren aldeko zenbait pankarta ageri ziren mobilizazioetan. HB, EMK, LKI, PTE, LAIA, KAS eta abarrek egin zuten deiarekin bat egin zuten azkenik EAJk, PSEk, EPK-k edota EEk, bai eta ELA, UGT eta CCOO sindikatuek ere.-

Asteartean Juan Jose Roson Barne ministroari galderak egin zizkioten talde ezberdinek Kongresuan, baina ez zuen gertatutakoaz erantzun garbirik eman. Eskandalua kargugabetze batzuekin estali nahi izan zuten: Jose Manuel Benito Blanco Polizia espainoleko zuzendari nagusia eta Manuel Ballesteros Informazio arloko burua.

Ordurako, ordea, Arregiri egindakoaz zalantza izpirik uzten ez zuten argazkiak eginak ziren. Greba orokorra amaitu ostean egin zituzten Zizurkilgo hilerrian, gorpua hilkutxatik atera ondoren, Juanito Unzurrunzaga abokatua eta beste zenbait hiritarren ekimenez. Ekintza ausart horrek bigarren ikaraldia ekarriko zuen aste batzuk beranduago argitaratu zirenean (tartean Tejeroren Estatu-kolpe saiakera gertatua zen Madril aldean). Baina batez ere auzia lurperatzea ekidin zuen.

Bertan agertzen diren urradurak, erredurak, ubelduak eta zauriek euskal jendartearen gogoan utzitzako aztarna bizi-bizirik dago oraindik, 40 urte pasata.