Ikerketa oztopatzeko materiala borratzen saiatzeagatik isuna jarri diote Kote Cabezudori
425 euroko isuna jarri diote Kote Cabezudo argazkilari donostiarrari bere aurkako ikerketa oztopatzeko Interneteko bi zerbitzaritan zegoen materiala borratzen saiatzeagatik. Jaso dituen hiru zigorretatik, irmoa den bigarrena da.
Kote Cabezudo argazkilari donostiarrari 425 euroko isuna ezarri diote asteazken honetan, justizia oztopatzea egotzita. Jaso dituen hiru zigorretatik, irmoa den bigarrena. Hirugarren kasuari helegitea jarri dio argazkilariak Gipuzkoako Auzitegian, eta laugarren kasu bat epaiaren zain dago. Beste bi, epaiketaren zain.
Cabezudo hainbat delitu sexualengatik eta iruzur egiteagatik ikertzen ari dira. Auzi nagusia 2013an hasi zen, eta argazkilaria auzipetuta dago 47 delitu leporatuta, horietako batzuk biktimen sexu-askatasunaren aurkakoak, baina oraindik ez dute epaiketarako datarik.
Auzi nagusitik eratorritako beste auzi bat da gaurkoan ebatzitakoa. Gertakariak 2014ko uztailaren 30ean izan ziren, Efek argitaratu duen akusazio idazkiaren arabera, Ertzaintzak argazkilariaren etxea miatu zuenean, kasuarekin lotutako irudi eta bideoen euskarri informatikoak biltzeko asmoz.
Cabezudok, baina, biktimen argazki eta bideo material gehiago zuen Interneteko zerbitzari batean zeuden bi webgunetan. Material hori eskuratzeko eta Cabezudoren aurkako «balizko kriminalitate-zantzuak lortzeko», 2017ko urtarrilaren 29an Ertzaintzak telefax bidez baimen judiziala eskatu zuen. Horrela, «epaitegi baten erreakzio denbora motelak ezagutzen zituenez», argazkilariak bere prokuradorearen bidez emandako eginbide hori baliatu zuen Ertzaintzaren telefaxa eskaneatzeko. Ondoren, dokumentu hori otsailaren 1ean bidali zuen mezu elektroniko bati erantsi zion, Poliziak eskatzen zuen bezala, «zerbitzarian gordetako informazioa erabiltzeko erabiltzaile eta gakoak» eman ziezazkiola eskatzeko, «ezabatzeko» asmoz, eta, horrela, lan judiziala oztopatzeko.
Auziko iturriek Eferi jakinarazi diotenez, gaur eguerdian egindako ahozko saioan, Cabezudok onartu egin du gertatutakoa, eta Fiskaltzak eta akusazio partikularrak egindako eskaerarekin ados agertu da. Hori dela eta, 425 euroko isuna ordaintzera zigortu dute, justizia oztopatzea egotzita.
Datozen hilabeteetan, argazkilaria beste bi aldiz itzuliko da aretora. Alde batetik, urtebeteko espetxe zigor eskariari egin beharko dio aurre, bere Youtubeko kanaletik biktima adingabe baten irudiak kentzeko agindu judiziala desobeditzea leporatuta. Apirilean egingo da, aldiz, Cabezudoren aurkako seigarren eta, oraingoz, azken epaiketa. Aginteari «desobedientzia larria» egitea egotzita, biktima baten edozein bideo edo irudi bere webguneetatik desagerrarazteko agindu judiziala ez betetzea leporatuta.