INFO

Jose Grazenea margolari irundarra zendu da

Europan zehar ibili ostean sorterrira itzuli eta, 1965. urtean, Ur taldea sortu zutenetako bat izan zen Jose Grazenea. Asteazkenean hil zen, Hondarribian, 94 urte zituela.

Jose Grazenea, 2012an, Ekain galeriako erakusketan. (Gari GARAIALDE | FOKU)

Gazterik hasi zuen bere ibilbide artistikoa Jose Grazeneak. 1927. urtean Irunen jaioa, sorterrian abiatu zituen pintura ikasketak eta pintura lehiaketetan nabarmendu zen, harik eta nazioarterako jauzia egitera deliberatu zen arte.

Ikasketak ontzeko helburuz Madril eta Parisen osatu zuen bere formakuntza eta Europan barrena ibili zen gero. Finlandia, Suedia, Alemania edota Bretainia Handian izan zen, besteren artean, bakarkako zein taldekako erakusketetan parte hartu eta bere formakuntza osatuz.

Europako zeharkaldiaren ostean Euskal Herrira itzuli zen Grazenea, sorterri izan zuen Irunera, eta Ur taldea sortu zuen 1965. urtean, Alejandro Tapia, Carlos Bizkarrondo eta Javier Arozena margolariekin batera.

70eko hamarkadatik aurrera hainbat pintura erakusketa osatu zituen margolari irundarrak, eta sariak ere jaso zituen. Aurreko urteetan inpresionismoaren eta kubismoaren arteko esperimentazio-lanak egin zituen Grazeneak baina, Ur taldearen sorreraz geroztik, nortasun berezia garatu eta bestelako erretratu eta ikuspegiak osatzeari ekin zion, kutsu poetikoagoetara gerturatuz.

Ur taldeak 2012. urtean eskaini zuen azken erakusketa, Donostiako Ekain galerian. Bertan, azken urteetan egindako lanak erakutsi zituzten taldekideek.

Jose Grazenea otsailaren 17an hil zen, Hondarribian, 94 urte zituela.