INFO

Zuloak ireki edo sailkapena estutzeko aukera Eibarren nahiz Ataunen

Elezkano II-Zabaleta liderrek Ezkurdia-Ladis Galartza seigarren sailkatuen aurka jokatu dute igandean Eibarren, baina tartea bi puntura murriztuta geratu liteke. Are parekatuago daude sailkapenean astelehen gauean Ataunen jokatuko duten Peña II-Albisu (4 puntu) eta Urrutikoetxea-Imaz (3).

Zabaleta, Elezkano, Ezkurdia eta Galartza, gaur goizean Eibarren (ASPE)

Asteburuan jokatuko diren Binakako Txapelketako beste bi partiden material aukeraketak egin dituzte gaur Eibarren eta Ataunen, non ligaxkako sailkapenean zuloak handitu egin daitezkeen edo borroka asko estutu.

Kronologikoki begiratuz, igandean Astelena pilotalekuan jokatuko den neurketa iritsiko da lehenik. Bertan Elezkano II-Zabaleta liderrek Ezkurdia-Ladis Galartza seigarren sailkatuen aurka jokatu dute. Horrela esanda, bi bikoteen artean alde handia dagoela eman dezake, are gehiago lehen itzulian Elezkanok eta Zabaletak 22-3 irabazi zutela kontuan izanda, baina hiru puntuko aldea besterik ez dago. Ezkurdiak eta Galartzak irabazten badute tartea bi puntukoa izango da. Hainbeste eta hain gutxi, pilotarien adierazpenek erakusten duten moduan.

«Ea bigarren itzulian aurrenekoan falta izan zaigun erregulartasuna berreskuratzen dugun. Neurketa bakoitzaren barruan neurketa txiki asko egoten dira, eta akats txikienak ere dena zure aurka ipini dezake. Erraztasun asko eskaini dizkiegu aurkariei eta bikote bezala zaildu beharra daukagu», eskatu dio Joseba Ezkurdiak bere buruari, autokritika eginez.

«Bikote bezala ongi aurkitzen gara. Biok konfidantzarekin gaude, joko maila onean, eta ea horrela jarraitzen dugun», iritzi dio aldiz Jose Javier Zabaletak, lehen itzuliko pilotari onenak. Hori bai, Danel Elezkanok onartu du Bastidako norgehiagokatik askoz erosoago ari dela jokatzen: «Gozatzen ari naiz. Aurreneko neurketetan defentsan bakarrik ibili nintzen eta uste dut urrats bat eman dudala aurrera».

Elkarri lore batzuk botatzeko ere baliatu dute gaurko aukeraketa. «Txapela janzteko faboritoak dira. Josek diferentziak markatzen ditu atzean eta Danel ere oso ongi ari da aurrean», esan du Ezkurdiak. «Pilota abiadura handian mugitzen dute eta oso arriskutsuak dira, lehen itzuliko partidan ez zuten beren eguna izan», adierazi du Zabaletak.

Aurkariak harrapatzeko aukera Ataunen

Eta Eibarreko bikoteen artean tartea ez bada hainbestekoa, zer esan astelehen gauean Ataunen elkarren aurka jokatuko duten Peña II-Albisu (4 puntu) eta Urrutikoetxea-Imaz (3) bikoei buruz. Puntu bakarreko tartea eta atzetik datozenentzat sailkapenean aurkariak harrapatzeko aukera.

«Neurketa oso zaila daukagu, lan benetan ona egiten ari den bikote baten aurka. Frontoi azkarra da, zaila jokatzeko, baina Mikel eta biok garaipen bat lortzetik gatoz eta ea laugarren puntua lortzen dugun», izan dira Ander Imazen adierazpenak, aurreko asteburuan Ezkurdia-Galartzari 22-12 irabazteak eman dien bultzadarekin.

«Sei pilotak egokiak iruditu zaizkigu. Frontoi azkarra da, baina ea partida ona egiten dugun», aipatu du bere aldetik Jon Ander Albisuk. Atzelari ataundarrak etxean jokatzeko aukera izango du, nahiz eta pandemiak asko baldintzatzen duen faktore hori ere. «Herrian jokatzen dut eta ilusio handia egiten dit. Pena da jendeak ezingo duela sartu, baina gu neurketa ona egitera irtengo gara eta ea lortzen dugun».