INFO

Errealitate areagotuko horma-irudi batek Tren Txikia ekarri du Maeztuko kaleetara

Irantzu Lekue artista gasteiztarrak Bergara eta Lizarra lotu zituen Tren Txikian oinarritutako horma-irudia osatu du Arraia-Maeztun. App baten bidez, ikusleek entzun eta sentitu ere egingo dute trena.

Irantzu Lekueren horma-irudia. (NAIZ)

‘Flashback: El Trenico’ izendatu du Irantzu Lekue artista gasteiztarrak Arraia-Maeztun aurkeztu berri duen proiektua. Elortza-Zekuiano tunelean behinola Bergara eta Lizarra lotu zituen trenbidean oinarritutako horma-irudia margotu du eta aplikazio bat ere garatu du, ikusleek trena ikusteaz gainera entzun eta senti dezaten.

Proiektua elkarlanean egin dute artistak eta TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak, Jaurlaritzaren KSI Berritzaile programaren baitan, eta diruz lagundu dute Arabako Foru Aldundiak, Arraia-Maeztuko Udalak eta Vital Fundazioak.

Artelan honek Tren txikiaren oroitzapenak   biziberritzen ditu, El Ferrocarril Vasco-Navarro,   1889tik1967ra Bergara eta Lizarra lotu zituen trenbidea. Proiektuak Arabako Maeztu herria izan du kokagune eta han gauzatu du Lekuek oroitze-prozesua, bizilagunekin batera margotutako horma-irudiaren bidez eta argazki- eta grabazio-bilduma bat erabiliz, zeinetan islatzen diren garai hartako jendea, haren bizipenak eta geltokiko kontakizunak.

«Lanak garaiko objektuak (maletak, txilibituak, ticket zaharrak...), soinuak eta kontakizunak biltzen ditu, eta elementu horiek kultura material eta immateriala dakarkigu, Arraia-Maeztuko bizilagunen laguntzarieta parte-hartzeari esker berreskuratua», azaldu dute proiektuaren sustatzaileek. Ildo berean, horma-irudia «leiho modukoa» dela nabarmendu dute, errealitate areagotuari esker hormako irudia «gainditu» egingo baitu ikusleak.

Aplikazioa TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak diseinatu du eta Google   Play-n dago deskargagarri. Erabiltzaileak   telefono mugikorraren bidez eskuratu ditzake kontakizunak, 3Dko objektuak, artxiboko irudiak eta «tren txikia bera ikusi, berriro martxan   burdinbide zaharrean, egungo bide berde bilakaturik».