INFO
Etna sumendiaren laba espaziotik erakusten duen irudia. (ESA)

Etna sumendiaren laba erreka izugarriek espazioan ere sortu dute ikuskizuna

Etna sumendiaren irudi infragorri honek, ostegun honetan espaziotik hartutakoak, kolore gorri distiratsuko laba erreka bat erakusten du. Siziliako sumendia bi aldiz lehertu da 48 ordu baino gutxiagoan.


Irudi bitxi bat plazaratu du ESA Europako Espazio Agentziak. Bertan, Etna ageri da, Sizilia uharte italiarreko sumendia, munduko aktiboenetakoa, laba eta errautsa erruz jaurtitzen. Irudi infragorri bat da, ostegun honetan bertan espaziotik hartua. Ikusten denez, bertatik ere antzeman zitezkeen sumendiaren laba erreka gorriak.

ESAk jakinarazi duenez, Copernicus Sentinel-2 sateliteak egin du ‘argazkia’. Bizi-bizi ageri da bertan Etna. Ez da gutxiagorako, 48 ordu baino gutxiagoan bi aldiz egin baitzuen gainezka. 3.300 metro ditu sumendiak eta munduko ondare izendatua du Unescok.

700 metroko garaierako zurrustak

Asteartean erupzio handi bat gertatu ondotik, sumendiak bertze su ikuskizun eder bat sortu zuen ostegunean, gauak ilundutako zerura laba zurrusta ikaragarriak botaz. 700 metroko garaiera ere hartu zuten turrusta horiek.

Lehenbiziko erupzioak laba erreka handiak sortu zituen. Bove bailaran behera joan ziren, ekialdera, lau bat kilometroz bidaiatuz. Osteguneko bigarren leherketak, 45 minutu iraun zituenak, aldiz, sumendiaren hegoaldera eraman zuen laba 1,3 kilometroko erreka osatuz.

Leherketen errautsek Catania hiria estali zuten eta bertako aireportua itxi egin behar izan zuten denbora batez, sumendia aktibo dagoenean sarri egiten duten gisan. Egunean bertan zabaldu zuten berriro.