INFO

Bosgarren puntua Olaizola eta Rezustarentzat 815 pilotakadako neurketa gogorra irabazita

Gorriek 22-16 menderatu dituzte Bilbon sailkapenaren zuloan jarraituko duten Oinatz Bengoetxea eta Aitor Aranguren. 7-12 galtzen joan arren, fisikoki osoago amaitu dute norgehiagoka eta hori erabakigarria izan da.

Aimar Olaizolak nahiago izan du jokoa atzean kargatu eta gutxi arriskatu (Aritz LOIOLA / FOKU)

Olaizola II.ak eta Rezustak bosgarren puntua eskuratu dute Bilbon Bengoetxea VI.a eta Aranguren 22-16 menderatu ostean. Partida oso gogorra izan da, 815 pilotakada eta 75 minututik gorakoa, eta arlo fisikoa erabakigarria izan da azken txanpan.

Lehen zatian oso maila ona eman duen arren, Aitor Aranguren izan da bigarren erdian nabarmen behera egin duen pilotaria. Eskuin zangoan karranpak izan ditu neurketaren amaieran eta pilota erraz batzuk galdu ditu une erabakigarrietan.

Oinatz Bengoetxeari tokatu zaio bikotearen pisua eramatea eta leitzarrak bikain jokatu du lehen erdi luzean. Azkenean, ordea, asko arriskatu behar izan du, eta hori asko nabaritu da bere amaierako zenbakietan: 8 tanto egin ditu jokoan baina 9 pilota galdu, ia denak erremate zailetan.

Hasieratik ikusi da neurketa oso gogorra izan zitekeela. Bilboko frontoiak pilotari ipintzeko denbora ematen du eta aurreneko tantoak luzeak eta gogorrak izan dira. Berdinketa asko egon dira markagailuan (1-1, 2-2, 4-4, 5-5 eta 6-6) eta partida luzatzen joan da.

Baina urdinak gero eta erosoago ikusten ziren kantxan. Arangurenek une batzuetan Beñat Rezustari agintea kentzea ere lortu du, eta Oinatz Bengoetxeak bikain baliatu ditu bere aukerak markagailuan lehen tartea irekitzeko: 7-12.

Atsedenaldiak, ordea, ez die batere mesederik egin, eta partidari berrekin bezain laster gorriek buelta eman diote egoerari. Ulertzeko zaila den arren, Arangurenek hiru pilota erraz galdu ditu segidan (bi beheko koltxoira eta erresto bat goikora) eta konturatzerako gorriak aurretik ziren markagailuan.

Zehazki esanda, 9 tanto egin dituzte jarraian Olaizolak eta Rezustak, 16-12 aurreratuz. Tarte horretan bereziki aipagarria izan da 14-12koa, 100 pilotakadatik gorako tantoa, Oinatzi zabalera alde egin dion pilotakada batekin amaitu dena.

Jada nekea pilatzen ari zen lau pilotariengan, baina Aitor Aranguren izan da gehien nozitu duena. Aginagako atzelariak txanponaren bi aldeak ezagutu ditu minutu gutxiren baitan: 16-14koa berak egin du atzean, baina 18-14an ere bera izan da errestoan kale egin duena, eta aldageletara joan da sendagilearen laguntza eskatuz.

Zorionez ez da ezer larria izan, nekearen lanak besterik ez, baina azken tantoetan ezin izan du bere benetako maila eman eta gorriek nahikoan erraz itxi dute neurketa.

«Meritu handiko puntua lortu dugu, lan asko egin behar izan dugulako. 14. edo 15. tantora arte oso partida borrokatua izan da, baina azkenean guk fisikoki hobeto eutsi diogu. Txapelketako partida izan da, eta horrelakoetan jakin behar izaten da sufritzen 22ra heltzeko», aztertu du Aimar Olaizolak amaieran.

Bosgarren puntua poltsikoratuta, Olaizola II.a eta Rezustak ia ziurtatu egin dute gutxienez kanporaketa jokatzeko txartela. Bengoetxeak eta Arangurenek, aldiz, puntu bakarrarekin jarraituko dute eta asko zailtzen ari zaie seigarren postua.

Pilotakadak: 815. Partidaren iraupena: 76 minutu eta 48 segundo. Markagailua: 0-1, 2-1, 2-4, 5-4, 5-5, 6-5, 6-8, 7-8, 7-12, 16-12, 16-14, 19-14, 19-15, 20-15, 20-16 eta 22-16. Sakez eginak: 3 Olaizola II.ak eta 1 Bengoetxea VI.ak. Jokoan eginak: 4 Olaizola II.ak, 3 Rezustak, 8 Bengoetxea VI.ak eta 2 Arangurenek. Galdutakoak: 3 Olaizola II.ak, 2 Rezustak, 9 Bengoetxea VI.ak eta 3 Arangurenek. Gertaerak: Binakako Txapelketaren lehen fasea, Bilboko Bizkaia pilotalekuan ateak itxita. Lehen sakea, urdin.