INFO

Non dago Carmen Elizabeth?

Irailaren 2an, Paraguaiko Armadak 11 urteko bi haur hil zituen EPP gerrillaren kontrako eraso batean. Hasieran, Mario Abdo Benitez presidenteak operatibo «arrakastatsua» izan zela eta gerrillariak zirela esan zuen. Beste 14 urteko neskato bat desagertuta dago. NBEk gertatutakoa argitzeko eskatu du.


Carmen Elizabeth Oviedo Villalba EPP (Ejército del Pueblo Paraguayo) gerrillaren kide eta kartzelan dauden Alcides Oviedoren eta Carmen Villalbaren alaba da. Hamalau urte ditu eta pasa den azaroaren 30az geroztik desagertuta dago. Argentinan bizi zen bere amona eta izebekin. Carmen Villalba, haren anaia, Osvaldo, eta ahizpa Liliana gerrillaren kide dira eta horregatik, ia familia osoak Paraguaitik Argentinara ihes egin behar izan zuen.

Laura Villalbak bere bilobak diren Carmen Elizabeth Oviedo Villalba eta honen ahizpa bikia Tamara Anahi, Lilian Mariana Villalba, eta Tania, eta bere alaba Maria Carmen Villalba Paraguaira eraman zituen 2019ko azaroan beren gurasoak ikus zitzaten. Carmen eta Tamara Anahi kartzelan dituzten gurasoak ikustera eta besteak gerrillan dituzten aitak ezagutzea. Baina, pandemiak ezarritako mugimendu murriztapenak direla eta, ezin izan zuten Argentinara itzuli.

Pasa den irailaren 2an, poliziez eta militarrez osaturiko unitate berezi batek –FTC 2013an sortu zuten gerrillaren kontra borrokatzeko– haiek zeuden kanpaleku zibila aurkitu eta eraso egin zion, Concepcion izeneko departamenduan, Yby Yau barrutian. Maria Carmen eta Lilian Mariana, 11 urtekoak eta Argentinan jaiotakoak, hil zituzten. Lekukoen arabera, ordea, bizirik harrapatu zituzten.

Hasiera batean, Mario Abdo Benitez presidente paraguaitarrak operatibo arrakastatsua izan zela adierazi zuen lekuan bertan eta komunikabideen aurrean egin zuen agerraldian. «Are arrakastatsuagoa izan daiteke, zeren gerrillari batzuek ihes egitea lortu dute. Halere, jada arrakastatsua dela esan dezakegu batzuk hilik suertatu baitira», esan zuen.

Federico Defino fiskalak hildakoak bi emakume paraguaitar zirela plazaratu zuen. Haren hitzetan, «nahiago izan zuten militarrei armekin aurre egin, justiziari aurre egin baino». Adierazpen horien ondotik, FTCko bozeramaile den Luis Apesteguiak hildakoak bi nerabe zirela, EPPko buruzagien alabak izango zirela baina haien nortasuna oraindik ez zekitela esan zuen. Yby Yauko gorputegira eraman zituzten eta koronabirusaren aitzakiapean berehala lurperatu zituzten eta soinean zeramaten arropa desegin.

Christian Ferreira auzitegi medikuak hildako batek 18 eta 17 urte artean zituela eta besteak 15 urte inguru zituela aipatu zuen lehenengo autopsia egin ondoren. Haren hitzetan, adin txikikoek arropa militarra jantzita zeramaten, soinean kalibre desberdineko 200 munizio zituzten eta «gorpuak kokatuta zeuden posizioagatik –buruz behera–, ihes egiteko prest zeuden». Batek sei tiro jaso zituela eta besteak bi esan zuen. Hildakoak Maria Carmen eta Lilian Mariana ziren. Argentinatik, Myriam Villalbak, Lilian Marianaren amak, Paraguaiko Gobernuak eta auzitegi medikuak esandakoa ukatu zuen eta bi neskatoen jaiotza-agiriak erakutsi zituen.

Gobernuaren bozeramaileak zalantzan ipini zuen jaiotza-agirien sinesgarritasuna. Inteligentzia zerbitzuen arabera, Paraguain jaio ondoren Argentinara eraman zituzten. Ildo berean, Argentinan Paraguaiko enbaxadorea den Julio Cesar Verak bi adin txikikoen nortasuna egiaztatu zuen arren, Argentinan «hiru edo lau urte» zituztela erregistratu zituztela eta ondoren gerrillan sartu zirela esan zuen.

Familiaren abokatuak bi haurrak ez zutela inongo borrokatan parte hartu nabarmendu zuen. «Ezinezkoa da 11 urteko bi neskak fusilak gainean eramatea eta militar talde bati eraso egin izana», plazaratu zuen. Paraguaiko Giza Eskubideen Koordinakundeak operatibo horrek estatu krimen baten zantzuak zituela adierazi zuen.

Azalpen eske Paraguairi

«Ulertezintzat» eta «esplikaezintzat» jo zuen «gorpuak identifikatu aurretik eta familiari entregatu baino lehen lurperatu izana, hainbesteko presarekin; badirudi ebidentziak desagerrarazi nahi zituztela». Familiak eskatu bezala, Argentinako Antropologia Forentse Taldeari (EAAF) gorpuei autopsia egiteko baimena ukatu dio Paraguaik umeak jaiotzez paraguaitarrak direla eta ez argentinarrak argudiatuz.

Argentinako Atzerri Ministerioak azalpenak eskatu zituen eta «ardurak estaltzeko saiakera oro» arbuiatu zuen.

Irailaren 5ean, Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak bi lehengusinen heriotza ikertzea exijitu zion Asuncioni. Gauza bere egin du Michelle Bacheletek zuzentzen duen Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeak.

Irailaren 2ko operatibo horretan izter batean zauritu zuten Carmen Elizabeth Oviedo Villalba. Hala ere, Tamara Anahi ahizpa bikiarekin, Taniarekin eta hiruren izebarekin, Laura Villalbarekin, ihes egitea lortu zuen. Basoan babestu ziren. Azaroaren 20an, haien bila zebiltzan hiru gerrillari antzeman zituen Armadak oihanean. Pertsonen tenperatura detektatzeko gaitasuna duten armez baliatuta eta 500 metroko distantziara, antza aurretiazko inolako abisurik eman gabe, tiro egin zieten. Laura eta hiru umeak mendian korrika hasi ziren baina parajea ezagutzen ez zutenez galdu egin ziren. «Mendian galdu ziren laurak. Urik eta janaririk gabe ihesari ekin zioten, helikoptero eta tiro hotsen artean. Carmen Elizabeth hanka batean zaurituta zegoenez, leku batean utzi zuten, janari bila joateko. Itzultzean ez zuten neskatoa topatu. Bere gauza pertsonalak eta ur poltsa hantxe zeuden, eta harrapatu zutelako tesia indartzen du horrek. Taniak eta Tamarak Argentinara itzultzea lortu zuten, baina Laura gelditu egin zen Carmen Elizabeth aurkitu nahian. Abenduaren 23an atxilotu zuten. Granada bat eta gerrillari uniformeak zituen motxila bat jarri zioten eta geroztik kuartel militar batean dago isolatuta. Bertan dagoen emakume bakarra da. Gerrillako kide izatea eta adingabeak errekrutatzen laguntzea leporatzen diote», azaldu du Laura Taffetani abokatu argentinarrak.

Tamara Anahik eta Taniak Nazio Batuen Exekuzio Sumarioen errelatorearen eta Haurren Eskubideen Batzordearen aurrean deklaratu dute eta haiei esker jakin da Maria Carmen eta Lilian Mariana bizirik harrapatu zituztela. Familiak hil aurretik torturatu eta bortxatu egin dituztela salatu du.

Abdo Benitezen Gobernuak 2008an sortutako EPP-k gerrilla talde terrorista bat dela eta «seme-alabak beren gurasoen biktimak» direla eta kanpalekuetan gerrillari gisa erabiltzen dituztela argudiatzen du. Operatiboa izan eta egunetara, EPPk presidenteorde izandako Oscar Denis bahitu zuen.