INFO

«Bizikidetza Landuz», Foro Sozialaren ekimena gizarte zibileko ordezkarien hitza entzuteko

Foro Sozial Iraunkorrak «Bizikidetza Landuz» ekimena aurkeztu du asteazken honetan Bilbon. Kazetariek, elizako ordezkariek, kultur arloko lagunek eta gizarte mugimenduko kideek parte hartuko dute martxoko lehen lau astearteetan egingo den iniziatiba honetan.

«Bizikidetza Landuz» ekimena aurkezteko Foro Sozialak Bilbon egin duen agerraldia. (FOKU)

Kazetariek, elizako ordezkariek, kultur arloko lagunek eta gizarte mugimenduko kideek parte hartuko dute martxoan Foro Sozial Iraunkorrak antolatu duen ‘Bizikidetza Landuz’ ekimenean.

Foro Sozialak ohar batean azaldu duenez, «bizikidetza modu integralean ulertuta bakea eraikitzea helburu duten gizarte zibileko hainbat sektoreren eztabaidak eta proposamenak jaso nahi ditugu. Behetik gorako prozesu bat eraikitzen ari gara, ahalik eta sektore gehienetara iritsiz, konpromiso soziala eraikitzeko helburuarekin».

Iniziatiba martxoko lehen lau astearteetan izango da, bakoitza hiriburu batean. Hala, martxoaren 2an, arratsaldeko 18.00etan, Donostiako Kursaalen ‘Komunikabideak eta bizikidetza’ izena duen magi ingurua egingo da, bertan izango dira GARAko zuzendari Iñaki Soto eta Danilo Albin eta Gorka Landaburu kazetariak.

Hurrengo asteartean, martxoaren 9an, Iruñeko Tres Reyes hotelean ‘Eliza eta bizikidetza’ irena duen jardunaldia izango da. Mikel Garciandia Nafarroako Elizbarrutiko kideak eta Juana Indurainek parte hartuko dute.

Hirugarren asteartean, martxoaren 16an, ‘Bizikidetza kulturaren esparrutik’ duen mahi-ingurua izango da Gasteizko Europa Jauregian. Bertan egongo dira Jon Maia eta Ander Zurimendi. Eta martxoaren 23an, Bilboko Arrupe Etxean, ‘Gizarte-mugimenduak eta bizikidetza’ izena duen hitzaldia izango da. Yolanda Jubeto eta Irantzu Varela feministek parte hartuko dute.

Ekitaldi horietan parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea, osasun-neurriak direla eta. Nolanahi ere, saioak streaming bidez emango dira Foro Sozial Iraunkorreko ohiko kanalen bidez.

Gizarte zibila aktibatu

Eneko Callek eta Mikel Casadok aurkeztu dute ‘Bizikidetza Landuz’ ekimena Bilbon egindako agerraldian. 2020ko urriaren 17an ‘Bizikidetza Demokratikoaren Eraikuntzarekiko Konpromiso Soziala’ prozesua martxan jarri zen, «Foro Sozial Iraunkorrean baitan izandako eztabaida eta gogoeten ondorioz».

«Euskal gizarte zibila aktibatu nahi dugu, hainbat sektoretatik eta etorkizuneko ikuspegitatik ekarpenak egin ditzaten bizikidetza demokratikoa eraikitzeko. Foro Sozialak prozesuaren erraztatzaile eta dinamizatzailearen papera hartu du, eta, ikuspegi horretatik, herritar guztiei irekitako postontzi bat sortzea sustatu dugu, gogoeta prozesu honetan parte har dezaten», azaldu dute.

«Alde horretatik, nabarmendu nahi dugu idatzizko lau prentsa talde nagusiak —GARA, Berria, Grupo Noticias, Vocento- gizartean erreferente diren pertsonen iritzi artikuluak argitaratzen ari direla. Gainera, harreman-erronda aberats bat egiten ari gara euskal eragile sozialekin», gaineratu dute.

Iragarri duten arabera, datorren maiatzaren 16an, Bakezko Bizikidetzaren Nazioarteko Egunean, «jasotako ondorio eta ekarpen nagusiak itzultzea da gure helburua».