INFO

Parisek neurri murriztaile gehiago ezarri zain, Ipar Euskal Herriko egoera aztergai

Euskal Elkargoak bertan behera utzi du heldu den larunbatean egin behar zuen bere herriarteko kontseilua, gaur arratsaldean frantziar lehen ministro Jean Castexek neurri murriztaile gehiago iragarri ditzakeelakoan. Osasun egoera dezente hobea da Ipar Euskal Herrian, baina Parisek du azken hitza.

Euskal Elkargoak bere baitan hartzen dituen 158 herrietako eremuan osasun egoerak hobera egin du. (@Geodes-SantePubliqueFrance)

Frantziako lehen ministroak ostegun honetan, arratsaldeko 18.00etan, hartuko du hitza eta ziurtzat ematen da «osasun egoeraren okertzeari» aurre egiteko neurri berriak iragarriko dituela.

Hori pentsatzera darama gainera Euskal Elkargoak gaur eman duen urratsa, bertan behera utzi baitu larunbaterako aurreikusia zuen bere herriarteko kontseiluaren bilkura.

Atzo arratsaldean Gabriel Attal Gobernu frantseseko bozeramaileak ohartarazi zuenez, azken astean covid-19 kasuak %10 areagotu dira Hexagonoan. Positibo bakoitzak kutsatzeko duen gaitasuna neurtzen duen indizea ere 1etik goiti kokatu dela nabarmendu zuen.

«Dozena bat departamendutan» egoerak okerrera egin duela eta horren aurrean Gobernuak «erabaki azkar eta sakonak» hartzeko asmoa jarri zuen mahai gainean eledunak.

Agerraldi horren ostean, Dunkerken bisitan zelarik, Olivier Veran Osasun ministroak Estatuko iparraldean dagoen hiri horretan, Nizan bezala, ondoko bi asteburutan konfinamendua ezarriko dela iragarri zuen. Dunkerken intzidentzia tasa 900 kasutik gorakoa da eta erietxeetan egoera larria da.

Alpes Maritimes departamenduan zein Mosellen neurri murriztaileak ezarri dituzte baita ere. Izan ere, covid-19aren aldaeren zabaltze azkarrak gorriz margotu ditu bertze hainbat eskualde ere.

Ipar Euskal Herria: urdina gibelerat eta horixka zabaltzen

Hexagonoan astebeteko inzidentzia tasa 206,8 koa da, atzo emandako datuen arabera. Egoera oso bestelakoa da Ipar Euskal Herria bere baitan hartzen duen departamenduan (58 kasu 100.000 biztanlekiko).

Lerro hauekin batera jaso dugun Geodes-en mapak argiki erakusten du hiru lurraldeetan bilakaera aski baikorra izan dela azken asteotan. Edonola ere, aldaeren hedatzeak kezka eragiten du, pandemiaren bilakaera zeharo baldintzatu dezakeelako.

Hala, Zuberoan pandemiaren eragina abantzu desagertu dela ondorioztatu daiteke, kolore krema edo horixka nagusitzen baita bertan.

Ez da zuhurtzia guztiaz hartu beharreko albiste on bakarra. Oro har, hiru lurraldeetan kasu kopururik handiena markatzeko erabiltzen den kolore urdin-beltza kasik desagertu da.

Nafarroa Beherean, Ibarrola, Ainhize-Monjolose, Lakarri eta Izura kolore urdin ilun samarrean agertzen dira oraindik ere mapan, eta kutsatze tasa nabarmentzekoa da baita ere Bankan eta Irisarrin.

Biztanle kopuru handiena duen herrialdean, Lapurdin, nabari da bereziki hobekuntza. Uztaritze eta Lehuntze baizik ez dira urdin ilunean agertzen.

Hiri eta herri nagusi gehienak –Baiona, Biarritz, Angelu, Hiriburu, Bidart edo Sara kasu– dagoeneko urdin argirat igaro dira.

Are, hainbat herri 10 kasu baino gutxiago markatzen duen krema kolorean agertzen dira.

Hala nola, bilakaera itxaropentsua irudikatzen duen kolore horixkak Itsasu, Ezpeleta, Biriatu edo Ahetze estaltzen ditu. Herri horietan, beste anitzetan bezala, birusaren eragina apal-apala da, Sante Publique France erakundeak eskainitako kartografiaren arabera.

Laburbildurik, Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdin bizi den egoerak, gaur gaurkoz, zerikusi handirik ez du, zorionez, Hexagonoko bertze hainbat eskualdetan ematen denarekin, nahiz eta gaur arratsaldean Jean Castex lehen ministroak eginen duen agerraldiak berdin-berdin eragin diezaiokeen, pandemia osoan gertatu den bezala, euskal herritarren eguneroko bizimoduari.

Horren frogarik argiena, Euskal Elkargoak egin duen lehen urratsa, larunbateko kontseilua gibelatuz.  Martxoaren 20an aurrekusita dagoen hurrengo bilera egiteko aukera «estatuaren zerbitzuekin» aztertuko duela gaineratu du ohar batean Jean-Rene Etchegaray buru duen erakundeak.

Joan zen urriaz geroztik ostatuak eta jatetxeak itxita daude Ipar Euskal Herrian. Kirol azpiegiturak, museoak, zinegelak edota 20.000 metro koadro baino gehiago duten merkatalguneak baita ere.

Joan zen urtarrilean, bestalde, etxeratzeko-agindua arratsaldeko 18.00etan ezarri zuen Gobernuak. Era berean, Pirinio Atlantikoetako prefeturak zortzi muga pasabideren itxiera agindu zuen.