Greba deitu dute apirilaren 22rako EAEko sektore publiko osoan
ELA, LAB, CCOO, Satse, Steilas eta ESK sindikatuek greba eguna deitu dute apirilaren 22rako EAEko sektore publiko osoan, behin-behinekotasunaren abusua salatzeko eta enplegua bermatzeko negoziazio kolektiboa aktibatzea eskatzeko.
ELA, LAB, CCOO, Satse, Steilas eta ESK sindikatuek enplegu publikoa sortu eta behin-behineko langileak egonkortzeko unea dela adierazi dute eta greba eguna deitu dute apirilaren 22rako EAEKo sektore publiko osoan.
EAEko administrazioetan enpleguaren egoera «gero eta kezkagarriagoa» dela eta Lakuako Gobernuak zerbitzu publikoak «kontzienteki ahultzen ari direla» salatu dute. «Enplegu publikoaren suntsiketa, ezegonkortasuna eta bere sorrerarako borondaterik eza sintoma gero eta larriagoak dira, eta eragin negatiboa dute langile publikoen lan baldintzetan», nabarmendu dute.
Administrazioetan dauden behin-behinekotasun mailak «onartezinak» direla azpimarratu dute, eta egoera hori gobernu ezberdinek urteetan zehar hartu dituzten erabakiek eragin dutela. Azken urteotan deitutako LEPak nahikoak ez direla diote eta programa-kontratuekin edo zereginak metatzeko kontratuekin egiten den «iruzurra» salatu dute, besteak beste.
Ildo beretik, plantillak handitzeko, egungo ratioak hobetzeko eta lan kargak murriztu eta araututa ez dauden eremuetan arautzeko beharra ikusten dute sindikatuek.
Horri aurre egiteko negoziazio kolektiboa aktibatzea «ezinbestekotzat» hartu dute eta hainbat eskakizun egin dizkiete instituzioei: orain mahai gainean dauden lege-proiektuak aldatzea, «nahikoak ez direlako eta ez dutelako enpleguaren kontsolidazioa bermatzen»; kontratazioan behin-behinekotasuna gehiegikeriaz erabiltzeari «derrigor» amaiera ematea; dagoeneko martxan dauden lan eskaintza publikoko prozesuek kolektibo bakoitzaren premiekin bat datozen ezohiko neurriak barneratzea; administrazioei pribatizazioen eta externalizazio politikekin amaitzea; plantillak gaztetzeko eta aurretiko erretiroak sustatzeko plan bat martxan jartzea...
EAEko erakunde guztiak interpelatu dituzte, «Eusko Jaurlaritzatik hasi eta azken udaleraino, bai eta erakunde horietan ordezkaritza duten indar politiko guztiak ere, beharrezko arau-aldaketak bultzatzeko ezinbesteko urratsak eman ditzaten, salbuespenezko kontsolidazio prozesuak gaitzeko».
Hori guztia dela eta, ELA, LAB, CCOO, Satse, Steilas eta ESK sindikatuek mobilizazio dinamika bateratu baten berri eman dute. Martxoaren 17an elkarretaratzeak deitu dituzte Lakuako Gobernuan (Gasteiz), Bizkaiko Foru Aldundian (Bilbo) eta Donostiko udaletxean. Apirilaren 22an EAEko sektore publikoan greba eguna deitu dute.