INFO

Koronabirusak urtebete jeitsi du bizi-itxaropena AEBtan, 2,7 urte beltzen kasuan

Euskal Herriko datuak ezagutzeko itxoin beharko dugu, baina AEBtan neurtu dute dagoeneko pandemiaren eragina bizi-itxaropenean. Emaitzak adierazgarriak dira: 2020ko lehenengo sei hilabeteetan urtebete jeitsi zen estatubatuarren bizi-itxaropena. Beltzen kasuan, beherakada 2,7 urtekoa izan da.

Txertaketa kanpaina aurrera doa Californian. (Frederic J. BROWN/AFP)

Pandemiaren ondorioak neurtzeko hamaika adierazle daude. Zaila da, ordea, bizi-itxaropena baino zifra esanguratsurik topatzea koronabirusak eragindako hondamendiari neurria hartzen saiatzeko. Euskal Herrian hilabeteak itxoin beharko ditugu horrelako eraginik egon den jakiteko, baina AEBetan dagoeneko neurtu dute, eta emaitzak latzak dira: 2019an, jaiotako estatubatuar baten batez besteko bizi-itxaropena 78,8 urtekoa zen. 2020ko lehenengo sei hilabeteetan jaiotakoena, ordea, 77,8 urtekoa. Sei hilabetete eskasetan, estatistikoki, urtebeteko bizi-itxaropen galera atzeman dute CDC Centers for Disease Controleko ikerlariek.

Bizi itxaropenaren garapena AEBtan. (Iturria: CDC)

Baina hori batez bestekoa baino ez da. Pandemiaren eragina ez da modu berean banatu gizarte guztian, eta horrek bere isla dauka adierazle honen beherakadan. Errealitate latzena estatubatuar beltzena da, euren kasuan 2,7 urte jeitsi baita jaioberrien bizi-itxaropena, dagoeneko askoz baxuagoa zena. 74,7 urtetik 72 urtera jeitsi da seihileko batean. Gizon beltzen kasuan, beherakada hiru urtekoa izan da, 71,3tik 68,3ra.

Bestela esanda, AEBtako gizon afroamerikar baten bizi-itxaropena batez bestekoarena baina hamar urte baxuagoa da. 2001. urtera joan behar gara hain bizi-itxaropen baxua topatzeko. Bi hamarkadako atzera pausua, beraz.

Bizi Itxaropenaren galera, genero eta talde etnikoaren arabera. (Iturria: CDC)

Latinoen kasuan, berea da AEBtan bizi-itxaropen altuena, baina pairatu duten beherakada (1,9 puntu) batez bestekoa baino handiagoa izan da. 81,8 urtekoa zen 2019an, eta 79,9koa 2020ko lehenengo sei hilabeteetan. Txurien kasuan, bukatzeko, beherakada arinagoa izan da, 78,8tik, 78ra.

Arrakalak zabaldu dira

Honek guztiak aldez aurretik existitzen ziren arrakalak handitu ditu, berdintasunera egiten zuen azken hamarkadetako joera apurtuz. Hau modu nabarmenean gertatu da beltzen eta txurien artean. Bi komunitateen bizi-itxaropenaren arteko diferentzia murrizten joan da azken hiru hamarketan: 1993ko 7,1 urteko arrakala zabaletik, 2019ko 4,1 urtekora pasa zen. Pandemiaren eraginarekin, ordea, arrakala hori berriz handitu da, 6 urtera arte iristera. 1998ko datuak dira. Bi hamarkada luzeko atzera pausua, berriro ere.

Alderantzizko joera atzeman da latinoen eta txurien artean. 2019an, lehenengoen bizi-itxaropena hiru urte luzeagoa zen; pandemiaren eraginez, ordea, arrakala txikitu da, eta orain latinoen abantaila 1,9 urtekoa da.

Bizi itxaropenaren jeitsiera, talde etnikoen arabera. (Iturria: CDC)

Genero arrakala ere zabaldu da, koronabirusak gizonen batez besteko bizi-itxaropena 76,3 urtetik 75,1era pasa baita, emakumeena 81,4 urtetik 80,5era pasa den bitartean. 2019an arrakala 5,1 urtekoa bazen, 2020ko lehenengo sei hilabeteetan 5,4ra pasa zen.

Ikerketaren mugak

Garrantzitsua da aipatzea, edonola, ikerlariek lanaren mugak azpimarratzen dituztela. Lehenik eta behin, mortalitate datu orokorrekin eginda dago, beraz, ezin dira bereizi koronabirusak gauzatutako heriotzak gainontzekoetatik. Era berean, lehenengo sei hilabeteak erabiltzea, eta ez urte osoko datuak, tranpa txikia dauka, ipar hemisferioan neguko hilabete gogorrenak denbora tarte horretan sartzen direlako, eta hilabete horietan mortalitatea altuagoa izan ohi delako. 2020. urte osoko datuak eskuragarri daudenean, litekeena da behin betiko datuak pixka bat leuntzea.

Baina ikerketaren buru Elizabeth Ariasek garbi dauka «jeitsieraren ardura nagusia» koronabirusarena dela, Statnews komunikabide espezializatuak jasotzen duenaren arabera. Ikerketan, gainera, ondorio nagusien artean kokatzen dute pandemiaren eraginak «mortalitatearen arrakala etnikoak eta arrazazkoak zabaldu» dituela.