INFO

Eraikin publikoetatik amiantoa kentzeko egitasmoa Europako Funtsetan sartzea nahi du Asviamiek

Asviamie Amiantoaren Biktimen Elkarteak eraikin publikoetatik amiantoa erauzteko plangintza Europako Funtsak jasotzeko aurkeztuko dituen egitasmoen artean sar dezala eskatu dio Lakuako Gobernuari. Hego Euskal Herrian 2.468 pertsona hil dira 1993tik amiantoaren ondorioz, elkarte horren arabera.

CAFeko langileen manifestazioa amiantoa dela-eta Beasainen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Asviamie Amiantoaren Biktimen Euskadiko Elkarteak eskaera egin dio Lakuako Gobernuari, Europako Funtsak jasotzeko proiektuetan eraikin publikoetatik amiantoa erauzteko egitasmoa ere sar dezan.

Elkarte horrek ohar batean adierazi duenez, Hego Euskal Herrian 2.468 pertsona hil dira 1993 urteaz geroztik amiantoa irenstearen ondorioz sortutako gaixotasun batengatik.

«Aditu guztiak bat datoz esaten gure lurraldeko eraikinetan dagoen amiantoa desagerrarazi egin behar dela, denbora igaro ahala material horren narriadurak dakarren arriskuagatik. Horrexegatik, Europako Batasunaren Batzorde Ekonomiko eta Sozialaren ‘Amiantoa Erauzi’ zuzentarauak 2032a ezartzen du azken epemuga bezala amianto-hondar guztiak desagerrarazteko era guztietako eraikinetatik», azaldu du.

Covid-19aren pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko Europako Funtsak baliatzeko aukera dela eta, Asviamiek uste du amiantoa desagerrarazteko lanek «bete-betean egiten dutela bat» Bruselak finkatu dituen helburuekin. Horregatik, Euskal Herrian ere amiantoa erauztea aintzat hartuko duen proiektua abian jarri behar dela nabarmendu du.

Asviamiek azaldu duenez, Lakuako Gobernua osatzen duten taldeekin harremanetan jartzeaz gain, eskakizun hori gizarteratu nahi du, «herritarrek oro har ezagut dezaten, eta amiantoa geure herrietatik desagertzeko beharraren partaide izan daitezen».