Iñaki Artola: «Badakit ez naizela edozein partidatan itzultzen, baina ez dago aitzakiarik»
Bi hilabetez lehiaketatik kanpo egon ostean, alegiarra goizean Labriten izan da Arangurenekin batera larunbaterako pilotak aukeratzen. Azken bost neurketetatik lau irabazi dituzten Peña eta Albisuren aurka jokatuko dute.
Bezperan Baikok bere itzulera baieztatu ondoren, Iñaki Artola Labriten izan da asteazken goiz honetan larunbateko partidara begira egin den material aukeraketan. Alegiako aurrelaria pozik agertu da asteburuan berriz ere zuriz janzteko aukera izango duelako, baina badaki bere maila onena ematen ez badu aurkariek ez dutela errukirik izango.
«Badakit ez naizela edozein partidatan itzultzen, hau txapelketako partida da eta hor ez dago aitzakiarik. Batzuk kanpoan geratu dira jokatu ezinik eta nik jokatzea erabaki badut da irabazten saiatzeko», aldarrikatu du Artolak.
Izan ere, aurkari izango dituzten Peña eta Albisu sasoi puntu oso gozoan daude, jokatutako azken bost neurketetatik lau irabazi egin dituzte, eta galdu zutena (Altuna eta Mariezkurrenaren aurka) 21ean galdu zuten.
Materialari buruz galdetuta, alegiarrak hauxe azaldu du: «Pilota onak iruditu zaizkigu. Beraienak biziagoak dira, baina gehiegizkorik ez, eta gureak azpiagotik ibiltzen direnak. Aitzakiarik ez, ez pilotekin eta ez hankarekin».
Tafallan hasiko da jardunaldia
Tafallan Jaka-Martija eta Ezkurdia-Galartza izan dira pilotak hautatu dituztenak, kasu honetan ostiral gaueko partidarako. Erik Jaka eta Julen Martija azken sailkatuak dira, puntu bakarrarekin, eta aurrera egiteak ia ezinezkoa dirudien arren, Lizartzako aurrelariak ez du oraindik erabat etsi.
«Alde ona da sailkapena lortzea oraindik gure esku dagoela, nahiz eta ia marjenik eduki ez. Uste dut lau neurketa irabaziz gero (bost falta dira ligaxka amaitzeko) kanporaketetan sartu gintezkeela. Baikoko aurkari zuzenen kontrako partidak irabazi behar ditugu eta markagailuak ere gure alde ipini», adierazi du Jakak.
Hori bai, ez du ezkutatu bikote bezala ez direla behar besteko maila ematen ari: «Ez dugu lortzen behar dugun konfiantza. Dinamika txarrean sartuta gaude eta ezin dugu atera, denbora asko igaro da azken garaipenetik. Entrenamendu onak egiten ditugu baina gero asteburuan ez dugu hori kantxan erakusten».
Hain zuzen ere, Jaka eta Martijaren garaipen bakarra Ezkurdia eta Galartzaren aurka lortu zutena da, urtarrilaren 17an Eibarren. Bi nafarrek gora-behera handiak izan dituzte txapelketan, baina astelehenean sekulako partida jokatu zuten Altuna eta Mariezkurrenaren kontra.
«Irabazitakoan astea beste modu batera bizi duzu, pozik eta entrenatzeko motibazio gehiagoz. Biok partida serioa jokatu genuen», aitortu du Joseba Ezkurdiak. Hori bai, arbizuarra ez da fidatzen azken sailkatuen aurka jokatuagatik. «Zorte txarra izan dute, baina Martijak bere joko maila berreskuratu du eta Erik oso arriskutsua da aurrean», ohartarazi du.