INFO

Zaintza sektoreko langileek kaleak hartu dituzte lan baldintza duinak aldarrikatzeko

Zaintza sektoreko milaka langilek greba egin dute bizi duten prekarietatea salatzeko eta lan baldintza duinak eskatzeko. Sindikatuen aldarrikapenez gain, langile batzuek bizi duten egoera azaldu diote NAIZi.

LABen zutabea Bilbon, zaintza sektorearen grebako manifestazioan. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Zaintzaren esparru ezberdinetako milaka langile kalera atera dira ostegun honetan ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek deitutako greban. Sektore oso prekarizatuko langileak dira, beren eskubideen alde protestatzen urteak daramatzatenak eta pandemiak mugara eraman dituenak.

Grebaren une gorena eguerdian izan da, Bilbo, Donostia eta Gasteizko kaleak manifestazio jendetsuek zeharkatu dituztenean –ELAk Iruñean ere deitu du mobilizazioa–. Baina aldarrikapenak goizean goizetik hasi dira. 08.30ean, zainketen sektorearen feminizazioa nabarmentzeko, LAB sindikatuak pikete feministak egin ditu Lakuako Gobernuaren egoitzatik La Misericordia zaharren egoitzara. Donostian eta Gasteizen gauza bera egin dute goizean zehar.

Izan ere, goizean zehar, sindikatu bakoitzak bere egitarau propioa izan du, eta bakoitzak bere zutabea antolatuz guztiak batu dira eguerdi aldera manifestazio nagusiari ekiteko. NAIZ LAB sindikatuak 10.30ean Deustuko San Pio plazatik antolatu duen zutabean izan da, Bilbon.

Martxan jarri baino lehen, Marta Pablosek, Portugaleteko Aspaldiko egoitzako langileak, enpresak ezarri dituen gutxieneko zerbitzuekin «greba eskubidea hondatu dutela», salatu du. Protesta egitera zergatik atera den galdetuta, «langile falta handia» dagoela salatu du 20 urtez sektorean lanean daramatzan langileak. «Horrek egoiliarrarekiko arreta falta dakar. Oso txikia da dagoeneko, eta bakarrik oinarrizko beharrak asetzeko gai gara», gaineratu du.

Erandioko etxez etxeko laguntza zerbitzuko beste langile talde bat kexu zen, plantillaren %50 baino gehiago ez delako finkoa. Gainera, haien lan baldintzak ere salatu dituzte. «Ez dugu gure gauzak uzteko lekurik, motxila bizkarrean eraman behar dugu beti», esan du horietako batek. «Egiten dugun lanaren ondorioz lesio fisikoak ditugunean, ez dira laneko gaixotasuntzat hartzen», esan du beste batek. Gainera, euren zerbitzua ez pribatizatzeko borrokan ari direla esan dute; «eskualdean publiko geratzen den bakarrenetakoa da».

Zutabeka

LABen zutabea plaza Eliptikora abiatu da Deustuko zubitik. Bidean hainbat lelo entzun dira: «Langile gehiago egoitzetan», «Zaintza lanak aitortu», «Bizitza erdigunera» edo «Borroka da bide bakarra».

 

11.30ak aldera sindikatu guztien zutabeak Plaza Eliptikoan elkartu dira. ELArena Kale Nagusitik heldu da «Zaintza bai, lan baldintzak ere bai» oihukatzen. CCOOrena Rekalde zumarkalean zegoen zain, Ska-p-ren ‘Vals del Obrero’ abestiarekin. ESKrena plazara sartzen ari zen beste aldetik. Gainera, pentsiodunen mugimenduak eta Babestu Bizkaiko egoiliarren senideen elkarteak ere bat egin dute manifestazioarekin.

Manifestazio jendetsua Kale Nagusitik Plaza Biribilerako noranzkoan abiatu da, eta udaletxera jo dute azkenik. Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregitik pasatzean, oso argi utzi diete euren jarrera, «Diputazioa entzun, borrokan ari gara» oihukatuz. «Aholkulari gutxiago, zaintzaile gehiago» edo «Funts putreak zaintza sektoretik kanpo» bezalako oihuak ere entzun dira. Gainera, Kale Nagusia pankartaz eta grebaren kartelez beteta zegoen.

Lagunduz enpresak kudeatzen duen Ortuellako etxez etxeko laguntza zerbitzuko langile den Txaro Garciak azaldu digunez, 5 urte daramatzate sektoreko hitzarmen berri baten alde borrokan. «Denbora daramagu soldata galerekin eta lan hobekuntzarik gabe. Zerbitzu hau denon artean ordaintzen ari gara, eta enpresak ari dira zerbitzu horrekin mozkinak ateratzen. Langileen eta egoiliarren egoera oso kaskarra da. Sektorea publifikatu beharra dago», adierazi du Garciak.

«Lan karga onartezina»

Manifestazioaren amaieran irakurri den manifestuan, deitzaileek esan dute pandemiak areagotu egin duela zaintza sistemaren «ahultasun multzoa», eta esan dute egoitzak eta eguneko zentroak ia erabat pribatizatuta daudela, «behintzat gestioa», eta ez dela bermatzen erabiltzaileek duten arreta-denbora. Gainera, langileak «lan karga onartezinaren menpe» daudela salatu dute.

«Langileoi ez zaizkigu bermatzen kontratuan ditugun orduak, ezta prebentzio neurri eraginkorrak, ezta funtsezko eginkizun hori ondo betetzeko lan baldintza egokiak», gaineratu dute.

Sindikatuetako ordezkariak

Garbiñe Aranburu, LABeko idazkari nagusia, Emakumeen Eguna dela erakunde publikoek zabaldu duten leloei buruz mintzatu da, eta esan du ez direla «edukirik gabeko hitzak» behar, «baizik eta zaintza sistema publiko baterantz aurrera egingo duten politikak».

Aranburuk zaintza sektoreko langileen «errekonozimendu politiko, ekonomiko eta soziala» eskatu du, eta errekonozimendu horrek «lan baldintzen hobekuntza» ekarri behar duela nabarmendu du, «bizitzari eusteko funtsezko zerbitzua ematen ari direlako eta hori konpentsatu egin behar delako».

Loli Garcia CCOOko EAEko idazkari nagusiak gogorarazi duenez, «batez ere emakumeek betetzen duten sektorea da, eta bere lan baldintzak prekarietate erabatekoak dira».

Irune Cerezo ELAko ordezkariak salatu duenez, ezarritako gutxieneko zerbitzuek «patronalaren eta administrazio publikoen interesei erantzuten diete eta langileen greba eskubidea usurpatzen dute».

Bizkaia, Araban eta Gipuzkoan ez ezik, ELA sindikatuak Nafarroan ere deitu du greba.