Donibane Lohizunen eta Baionan aukera izanen da txertoa hartzeko baita asteburuan ere
Parisek erlojuaren aurkako lasterketa iragarri zuen, atzo, uda aitzin 30 milioi herritar txertatzeko xedea baitu Emmanuel Macronen Gobernuak. Asteburu honetan txertaketaren azkartzea irudikatuko da. Hala, Baionako erietxean zein Donibane Lohizunen txertatze guneak zabalik izanen dira.
Frantziar Gobernuak erlojuaren aurkako lasterketa iragarri ondoren asteburu honetatik txertaketaren azkartzea irudikatuko du.
Uda aitzin 30 milioi herritar txertatzea xede du Emmanuel Macronen Gobernuak eta bere esku dauden tresna guztiak abian emango dituela jakitera emateko txertatzeko aukera zabalduko da.
Lapurdin, dosiak ezarriko dituzte, larunbatean, Baionako erietxean eta Donibane Lohizuneko txertatze gunearen kasuan, baita igandean ere.
«Ez aipatu ere egin konfinamendua behar dela hozkailuetan txertoak dauden bitartean». Hitz gogorrak izan zituen Defentsa Kontseiluan Emmanuel Macronek.
Haserre horren eragina sentitu zen, martxoaren 4an, Jean Castex lehen ministroak eta Olivier Veran Osasun ministroak eskaini zuten prentsaurrekoan.
Agerraldiak helburu argia zuen. Hain zuzen txertaketa prozesuaren irismena eta abiadura handitzeko mezu argia pasatu nahi zuen Gobernuak.
Orain arte 4 milioi dosi inguru ezarri dituen frantziar osasun sistemak 30 milioi herritar txertatu beharko lituzke hemendik eta uda bitartean.
Parioa betetzeko neurri guztiak beharko ditu indarrean eman Parisek.
Lehenengo aldaketa gaur bertan egiaztatu da. Gobernuak dekretu baten bidez baimena eman du medikuek eta erizainek soilik ez, emaginek eta baita botikariek ere txertoa jartzeko eskubidea ukan dezaten.
Horrek askoz errazagoa bilakatu behar luke txertoa ezartzeko hitzordua hartzea, ez baita gehiago errezeta bat beharko.
AstraZeneca txertoa 65 urtetik gorako herritarrei ezartzeko erabakia hartu du frantziar Gobernuak aste honetan Osasun Agintzaritza Gorenak eginiko gomendioa aintzat hartuta.
Gauzak horrela dagoeneko abian den 75 urtekoen txertaketa fasea azkartzea espero du Osasun Ministeritzak.
Asteburu honetan bertan txertaketa kanpainari abiadura handiagoa emateko asmo hori agerian uzteko dosiak hartzeko aukera dezente emendatuko da, lehenik eta behin osasun egoera kaskarrena duten 23 departamenduetan, hango osasun zentroek dosi kopuru handiagoa jasoko dutelarik.
Izan ere osasun egoera askoz hobeagoa duen Ipar Euskal Herrian ere txertoa jasotzeko aukera zabaltzeko txertaketa saio berezia eginen dute, erran bezala, Baionako erietxean, baita Donibane Lohizunen urte hasieratik zabalik den txertodromoan ere.
Patologiak dituzten 50 eta 74 adina arteko herritarrek, 75 urte baino gehiago duten heritarrek eta, finean, osasun langileek zerbitzu horiek baliatu ditzaketek, sante.fr webean hitzordua hartu ondoren.
Akitania Berriako Osasun Agentziak gaur zabaldu duen azkeneko txostenaren arabera, zaharren egoitzetan bizi direnen artean %87ak bederen dosi bat jaso du Euskal Herria barnean hartzen duen Pirinio Atlantikoen departamenduan.
Martxoaren 2an orotara 40.371 herritarrek dosi bat hartua zuten (populazioaren %5,9) eta 23.197k (populazioaren %3,4) bi dosiak.
Osasun langileen haserrea
Hain zuzen, Olivier Veran osasun langileei zuzendu zitzaien, ostegunean, mezu irmoa heleraziz.
Frantziar Estatuan 3 osasun langiletarik 1 baizik ez da gaur gaurkoz txertatua izan. Veranek eskutitz baten bidez txertoa lehen bailehen hartzeko eskatu die osasun langileei.
Edonola ere, sindikatuek ez dute begi onez ikusi atzo ministroak eginiko oharra, erietxeetan jarduten duten langileen txertaketa derrigorrezkoa bilakatzeko aukera mahai gainean ezarriz.
Finean, asteburuak beste irudi bat utziko du, Pas-de-Calais departamenduko herritarrek asteburuko konfinamendua estreinatuko baitute.
Aldaeren hedapen azkarrari aurre egiteko nahian dagoeneko Niza eta Dunquerke hirietan indarrean den etxeratze partzialaren eredua hedatzen ari da. Hala eta guztiz ere, Macronen Gobernuak ez du oraingoz hiriburuan pareko neurria plantan emateko erabakia hartu.