INFO

Emakume kirolarien motxila astuna

Gizartean oso errotuta dauden mito eta estereotipoez horniturik, emakume kirolariak motxila astunarekin ibili behar izaten dute. Ez da kasualitatea txikitatik arreta ezberdina eskaintzea neska eta mutilei kirola egiterako orduan. Ez da sekula kasualitatea izango.

Bera Berako atezain Renata Arruda eta Merche Castellanosen arteko besarkada Kopa irabazi berritan. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

«Motelak dira, ahulak dira, hori ez da futbola (txertatu hemen tradizionalki gizonezkoen kirola moduan ezagutu izan den beste edozein kirol)…». Horrelako aipuak entzun dituenak altxa dezala eskua; hala nola, horrelako zerbait inoiz esan duenak ere, hausnarketa guztiontzako baita baliagarri.   

«Bide honetan egindako ikerketa batzuetan argi azaltzen da guraso askok, kontuari garrantzi handirik eman gabe, haien alabek kirol-jarduna alde batera uztea ontzat ematen dutela. Alabek eurek onartzen dute kirola gaztaroko kontu bat baino ez dela, eta ez dela etorkizunean lanbide izango, eta nahiago dute geroari begira errentagarriagoak izango diren ekintzetan denbora ematea. Bestalde, emakume gazteen artean onartua dago kirolen baten nabarmentzen diren neska gazteak direla, gehien bat, kirola egiten jarrai dezaten animoak jasotzen dituztenak, bai entrenatzaileen eta bai gurasoen aldetik», jasotzen du 2010eko azaroan Lakuak BAT Basque Teamen bitartez osatu zuen ikerketak. Hau da, jolasteko, olgetan ibiltzeko kontu bat da, eta ez jokatzeko.

Ainhoa Azurmendi psikologo eta kirol aholkulariaren ondorioa da aipu hori eta ezinbesteko garrantzia dauka emakumezko eta gizonezko kiroletan ematen diren ezberdintasunez jabetu nahi badugu. Beti ere, ezberdintasun horiek desglosatzeko interesa edukiz gero -topikoetan sinesten jarraitu nahi duenak, desikasteko asmorik ez duenak, bere horretan jarraituko baitu-.

Elite edo goi mailako kirolera iristen diren emakume gehienek zapalkuntza bikoitzari egin behar izan die aurre eta beraz, kirolarekiko duten pasioaren burugogorkeriak eraman dituzte elite mailan lehiatzera. Hau da, motxila astun bat dute bizkarrean. Eta hori askotan ahaztu egiten zaigu; are gehiago, ahanzturara kondenatzen ditugu -eta ditugu diot hedabideen aldetik lan handia egiteke dagoelako-. Egun, ikusgarritasuna irabazi dute emakumeek eta horren truke eskertza moduko bat egin behar dute, fabore moduko bat egiten dabiltzalakoan.

Oraindik ere, «maskulinitatearekin lotutako estereotipoak ez bezala (oldarkortasuna, lidertza, nekaezintasuna, anbizioa, lehiakortasuna, erresistentzia, etab.), emakumeekin lotutako estereotipoak (esanekoa izatea, amatasuna, pasibotasuna, menpekotasuna, samurtasuna, etab.) ez dira kirol-errendimendu handiko aktibitatearekin lotzeko moduko ezaugarriak», 1990ean Garcia Fernandok adierazi legez.

Era berean, oso gaztetatik tratamendu edo arreta ezberdinarekin lantzen dira emakumezkoen eta gizonezkoen taldeak. Ez da kasualitatea -sekula ez da- gizonezkoek baino babes ekonomiko gutxiago jasotzea, ordutegi txarrenak ematea, instalazio txarrenak, okerren gaitutako entrenatzaileak, etab. Elite mailara iritsi aurretik dauden oztopoak dira, eskolan «gizonezkoak eta emakumezkoak berdinak dira» diskurtsoa entzuten duten haur horiek dira desberdintasun horiek jasaten dituzten lehenak.   

«Ikerketan parte hartu duten emakumeen %50ak ditu goi mailako ikasketak; gizonezkoen %0k». «BAT-en beka duten gizonen %16,6k eta emakumeen %30,7k lana dute». «Emakumeen kluba aldatzeko arrazoi gehienek (entrenatzailearekin edo giroarekin ezeroso egotea) harremanekin zerikusia dute. Gizonen artean, aldiz, arrazoi nagusia fitxaketa da». «Amatasuna berebiziko garrantzia duen kontua da goi-mailako emakume kirolarientzat. Emakumeen %100ek eta gizonen %53,3k kirolari karrerarako oztopotzat hartzen dute».

Nabarmenduriko aipuak duela hamar urtekoak dira. Sare sozialen zurrunbiloak askotan inora eramaten ez badu ere, zenbaitetan kontu interesgarri zein nabarmendu beharreko horietaz jabetzen zaitu. Hala, egunerokoan jada automatizatua dudan mugimendua egin nuen Twitterrera behin eta berriro sartzeko eta bertan ikusi nuen EHUko Psikologia fakultateko Ainhoa Azurmendi eta Ana Bergara psikologoek elkarlanean -Lakua eta BAT Basque Team Fundazioaren laguntzaz- goi-mailako kirolarien egoeraren ikerlana, genero ikuspegia txertatuta, ikerketa amaitu berri dutela. Hor ikusiko da hamar urteren buruan ea zenbaterainoko urratsak eman diren gizartean kirolaren ikuspegitik. 

Hamar urte hauek askorako eman baitute: Maialen Chourrautek urrezko domina irabazi zuen Rio de Janeiroko Joko Olinpikoetan, Bera Berak hamarkada arrakastatsua hasi zuen 2010. urtean (sei liga, lau Kopa eta beste sei Superkopa irabazita), Athleticek beste liga bat irabazi zuen, Realak Kopa garaikurra eskuratu zuen 2019an, saskibaloiko ligan hiru euskal taldeek beraien egonkortasuna erakutsi dute… Eta beste behin, emakume kirolarien lana goraipatzeko eskuratu dituzten tituluetara jotzen dugu, soilik tituluek bermatuko balute emakumezkoen kirola nabarmentzeko erabakia. Aitzakia baten bila ibili behar bagenu bezala, beti ere azalpenak ematen merezimendua eskatzeko...

Martxoaren 8a da gaur, aldarrikapen eguna, agerian dagoen ezberdintasunarekin haserre gaudela are ozenago adierazteko eguna. Duela bi egun Goya sarietan antzokiko atean zenbait gizonen aipu matxistekin eskuak burura eraman genituen, ea nola demontre esan ditzaketen halako astakeriak. Bada, astakeri horiek espero baino ohikoagoak dira eta zer esanik ez kirol ikuskizunetan. Horiek erradikatzeko bidean emakumeen indarra, zapalkuntzari aurre egiteko kemena, argitasuna, elkarren zaintza funtsezkoak izango dira. Eta lortuko dute, orain arte lortu duten bezala.

Egunen batean askatuko da motxila astuna, aterako dira joko zelaira atea ireki zuten horiek gogoan eta inoiz baino askeago sinatuko dute balentria bakoitza.