INFO

Ikastolek eta Galiziako Semente eskolek lege propioen premia aldarrikatu dute

Ikastolen Elkarteak eta Galiziako Semente eskolek aurrerapausoa eman dute 2018an sinatutako aliantzaren garapenean, «hezkuntza sistema propio, berritzaile, ekitatibo eta kalitatezkoak eraikitzeko». Joan den asteburuan ekitaldia egin zuten Santiago de Compostelan.

Ikastolen eta Semente eskolen ekitaldia, larunbatean Santiago de Compostelan. (@EHIkastolak)

Galiziako Semente eskolek eta Ikastolen Elkarteak analisi partekatua egin zuten asteburuan Santiago de Compostelan. Bertan, «hezkuntza lege propioen beharra» aldarrikatu zuten Lomloe legearen «zentralismoaren aurrean».

Museu do Povo Galegoko ekitaldian azaldu zutenez, oro har, Lomloe legeak «Lomce kualitatiboki zuzendu eta hobetzen» du, baina «ez da nahikoa gure hezkuntza sistemak ikuspegi humanistiko, laiko, zientifiko eta demokratiko batetik eraikitzeko».

Eraikitze horren bidean, ongietorria egin zieten otsailaren 10ean Institut d 'Estudis Catalans (IEC), Real Academia Galega (RAG) eta Euskaltzaindiak sinatu zuten adierazpenari. Dokumentu horretan, katalanaren, galegoaren eta euskararen «presentzia indartuaren premia» nabarmentzen da eta hori «hizkuntza-murgiltzearen bidez baino» ezin dela lortu agertzen da.

Ikastola.eus webgunean eman dute berria, baita ‘Nòs Diario’ Galiziako egunkarian eta sare sozialetan ere. 

Semente eskolek eta ikastolek zera azpimarratu zuten: «Lomloe lege organikoa da, eta horrek esan nahi du bere artikuluen zati bat (azken xedapenetako zazpigarrena eta bosgarrena) organikoa edo oinarrizkoa dela. Hau da, autonomia erkidegoek artikulu hauetan jasotakoa errespetatu behar dute beraien eskumenak gauzatzerakoan. Arlo honetan Lomloe legea bere aurrekoarekin, Lomcerekin, alderatzean, ikus daiteke bien artean ez dagoela alde nabarmenik artikulu organikoak zeintzuk eta zenbat diren erabakitzeko orduan, eta horrek argi eta garbi islatzen du bere izaera zentralista».

Curriculumaren eremuan, hizkuntza propioa duten erkidegoetan beraien eskuetan gelditzen da curriculumaren %55aren zehaztapena, alegia %5 gehiago aurreko legeetan ezarritakoa baino. Hala ere, beharrezko ikusten dute eskumen juridiko berriak eta zabalduak izatea.

Arlo pedagogikoan «Lomceren planteamendu atzerakoiekin alderatuta aurrerapauso txiki batzuk» ematen dira, hala nola, DBH eta Batxilergoa gainditzeko ezarritako kanpo ebaluazio probak desagertzen dira; nazioarteko kooperazio nahiz lurralde arteko kooperazio proiektuak garatzeko aukerak irekitzen dira; konpetentzien garapena azpimarratzen du eta horretarako disziplinarteko proiektuak, arloka antolatutako curriculuma eta ikastetxeko proiektuak eratzeari ateak zabaltzen zaizkio; eta landa eremuko eskoletan eskaintza luzatzeko aipamena egiten da.