‘Bizi Gira... Kutxa Bira’ ekimenak badu bideoklipa
Heldu den martxoaren 20an abiatuko den ‘Bizi Gira... Kutxa Bira’ ekimenak badu dagoeneko bideoklipa. Imuntzo eta Belokiren kantari Etxepare bertso eskolakoek jarri diote hitza.
‘Bizi Gira... Kutxa Bira’ ekimenaren bideoklipa dagoeneko ikusgai dago, ekimena abiatzeko hamar egun falta direla.
Imuntzo eta Belokik jarri diote doinua kantari, eta hitzak Etxepare bertso eskolako kideena da. Teklatuetan Fred Iturri ari da, eta baterian Jimy Arrabit. Bertso eskolako haurrek ere koroetan laguntzen dute.
‘Bizi Gira... Kutxa Bira’ ekimena Iparra-Hegoa elkarteak antolatu du eta martxoaren 20an abiatuko da, maiatzaren 30ean amaitzeko. Bidean Euskal Herri osoko hamarka herri zein diasporako hainbat leku barnebilduko ditu.
Egurrezko kutxa, Argentinatik Euskal Herrira
Ekimenak egurrezko kutxa bat izango du oinarri. Kutxa horretan, euskararen, lurraldetasunaren eta bestelako hamaika aldarriren islada biltzeko asmoa du. Baina Euskal Herria zapaldu baino lehen, diasporako txoko batetik abiatuko da. Izan ere, martxoaren 20an Argentinako Viedmako Euskal Etxean emanen du lehen urratsa, Euskal Herritik 12.000 kilometrora.
Apirilean Euskal Herriratuko dira Argentinatik iritsitako kutxa eta mezuak, eta herriz herri ibiliko dira. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, kutxaren iritseraren aitzakiapean hainbat herritan ekitaldi ezberdinak antolatuko dira. «Herri bat garela eta euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatuko dugu Kutxa Biran. Kutxa aldarriz eta ametsez beteko dugu bi hilabetean zehar», azaldu dute.
Ekimenean edozein elkarte, eragile, udaletxe edo ikastetxek parte hartzeko gonbidapena egin dute antolatzaileek.